Olentzero eta subilaren lapurreta

Análisis de actualidad - Enero 2006 (I)

Amabitxi naizenetik nire betebeharrak egoki gordetzen ahalegindu naiz. Are gehiago oporraldiak heltzen direnean. Horregatik urteko lehenengo egunean zinera joan nintzen nire besoetakoa den Leirerekin.

“Olentzero eta subilaren lapurreta ” estreinatzen  zen gure herrian eta ikustera hurbildu ginen. Gure kulturarekin zerikusi zuzena zuelako, euskaraz egindako filma zelako eta Gabonak izanik, giroarekin zerikusia zuelakoan, pozik hurbildu ginen.

Baina batzutan gertatzen den moduan gauzak zeharo aldatu direla konturatu nintzen. Nire ume garaian, Olentzerok “aditu duenian Jesus jaio dala laisterka etorri da berri emotera “. Guk benetan gustukoa genuen, 70. hamarkadan, Eguberri bezperan, kalez kale, Olentzerorekin abestea. Gure gurasoek, horrelako ekintzak bultzatuz gure ohiturekin lotura zuzena zutelakoan zeuden: Olentzero eta Gabonak, hain zuzen.


Filmak, gauza hauek gaur beste era batera ulertzen direla argitu dit. Ez dut nik filmean Olentzero ezagutu, ez da gure joandako garaietako Olentzero. Gabonetako erreferentzi bakarra, jostailuak banatzea da. Olentzero menditik herriraino ez dakar inongo berri onik, opariak banatu baino ez du betebehar gisara.

Eta gainera subila, Olentzerok behar duen espia zereginetarako tramankulu bat baino ez da. Lapurretak, oparien banaketa jartzen du kolokan bakarrik.

Egia da, 70. hamarkadan kalez kale Gabon kantak abesten genituenok, beste begirada bat ematen geniola munduari. Beste sakontasun bat ikusten genizkion gertakizunei. Garai haietan oraindik mundua beste erabatekoa izan behar zuela pentsatzen genuen. Baina suari, beroari, argiari beste esanahi sakon bat ematea ez zait hain démodé iruditzen, umeek ulertzeko besterainoko sakontasuna, alegia.

2002. urtean Olentzero zinera eramatera erabaki zutenean, behar bada hain ondo irtengo zitzaiela ez zuten pentsatu baina 2005.ean beste filma bat estreinatu ahal izan dute. Benetan borobildu dute ekintza.

Arrakastaren arrazoia ez da erreza izango ezagutzea. Kontsumorako beste produktu bat sortzeak merkatuaren erantzuna itxaron araztera behartzen gaitu. Eta kasu honetan erantzuna egokia izan da. Kontsumorako beste produktu bat sortzen ari zirela beharbada ez zuten pentsatu baina “labeldun super-heroe ” moduko bat sortu dute, eta horrek bere merkatu zatia duela argi dago.

Baina hau horrela izanik pentsakor laga nau gure belaunaldi gazteei erakutsiko diegunari buruz. Olentzero, abenturak kontatzeko beste pertsonai bat baino ez da izango? Ez ditugu nahikoak, horrelako abenturak irakasteko? Ez du gure kulturak beste eratako balore, zein histori kontatzeko gai izango?  Zein da gure kulturaren berezitasuna, ala gure kulturak beste kultura batzuen balore eta historiak euskaraz kontatzearekin konformatu egin behar da?

Nagusi nintzala enteratu nintzen, fededun  askorengan oso txarto ikusia zegoela Olentzero, paganoen mitoa baino ez bai zen.  Ez dakit zer esango luketen gaurkoarekin, baina argi dago “kontsumo erlijio”-arekin zerikusi zuzena duela oraingo honek.

Niri, Olentzerok berri ona ekartzen zidan. Gontzal Mendibilen  “Olentzaro” diskan, Bitoriano Gandiagaren poemak adierazten duen bezala:

 “Olentzaro oles aro

Olesa geroz gorago

Haur bat jaiko dela haur bat

Oleska da olesaro.”


Olentzero hura, gaur egungo berrion emaileak ezagutzen lagundu nautenen artean dut.

Goya sarietarako izendatua izana berri ontzat izango du Olentzerok? Bere gaur egungo jabeek estima handian izango dute Olentzerok ekarri dien opari hau.

Marisabel Albizu