Etxebizitza, eskubidea?

Gaur egunean - 2006ko Martxoa

Dirudienez, guztiok gatoz bat etxebizitza eskuratzea lehen mailako arazoa dela esaten dugunean. Azken urteotan, ordea, izugarrizko gorakada gertatu da etxebizitzaren prezioetan, herritar gehienenen diru-sarrerak baino askoz gehiago; horrenbestez, hainbat eta hainbat jendek arazo handiak ditu etxebizitza eskuratzeko, batez ere talderik ahulenek; besteak beste, gazteek, hirugarren adinekoek edo guraso bakarreko familiek. Arazo hau azaltzea ez da gauza zaila; bai ordea, arazoari aurre egitea. Izan ere, kontuan hartu beharreko hainbat faktorek eragiten dute etxebizitzaren esparruan. Artikulu honen helburua gaia gehiago argitzea eta hobeto ulertzea da, horri buruzko hausnarketa egin ahal izateko. 

Gaizki bideratutako eztabaida

Azkenaldian, etxebizitzari buruzko zenbait eztabaida piztu dira –horietako batzuk hauteskunde kutsu nabarmenarekin– gizarteko esparru guztietan: komunikabideetan, eztabaida soziopolitikoetan, familietan eta lagunartean.


Horietan guztietan honako gai hauei buruzko hika-mikak sortzen dira noiznahi: Zilegi al da administrazioek babes ofizialeko etxebizitzen salmenta sustatzea? Ez al dio horrek gutxi batzuen ondare pribatuari mesede egiten? Etikoa al da etxebizitzak zirko itxurako zozketa bidez banatzea? Zuzena al da aurrezki-kutxek negozio borobilak egitea leporaino zorpetutako gazteen kontura? Ez ote gaude higiezinen burbuila baten aurrean? Ez al du horrek aurrekorik gabeko krisi ekonomiko bat ekarriko? Egia al da babes ofizialeko etxe guztietako garajeetan AUDI bat edo BMW bat dagoela?

Edonola ere, aldizkarien orrialdeetan, irratietan, solasaldietan edo familia-giroan hainbat aldiz aipatzen diren alderdi horiek guztiak bigarren mailako arazoak baino ez dira, eta benetako arazoaren konponketa-bidetik aldentzen gaituzte. Benetako arazoa konpondu beharrean, ez ote gabiltza azaleko zantzuak konpondu nahian? Eta galderarik garrantzitsuena: nola liteke guztiok hain ados egonik arazoa konpontzeko gai ez izatea?

Etxebizitza eskubide bat al da? Hor dago koska!

Gizarteko agiri eta kontratu nagusien arabera, etxebizitza berezko eskubide unibertsala da; hala diote, behintzat, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak, Estatuetako Konstituzioek, Estatutuek eta abarrek. Horien guztien arabera, pertsona orok du etxebizitza duin batean bizitzeko eskubidea. Esparru teorikoan, beraz, badirudi etxebizitza eskubide bat dela, herritar guztiei bermatu behar zaien eskubidea, gainera; aitzitik, baieztapen hori gauzatzeko eta zehazteko orduan, gauzak okertzen hasten dira.

 

 Demagun bihar gaixotu egiten garela eta ospitalera goazela. Bertara heltzean, dagokigun ohea beste norbaitek erosi duela...

Izan ere, legediek ez dute argitzen administrazioek nola jokatu behar duten herritar guztiei eskubide hori bermatzeko. Halaber, dokumentu batean ere ez da argi adierazten herritarrok eskubide hori aldarrika dezakegula, guztiok etxebizitza duina eskuratzeko aukera izan dezagun.

Etxebizitza benetan eskubidetzat hartuko balitz –osasuna edo hezkuntza bezala–, herritar guzti-guztiei bermatuko litzaieke etxebizitza duin bat eskuratzeko aukera, eta ez genuke denborarik galduko bigarren mailako eztabaidetan. Imajina ditzagun honako bi egoera hauek:

Demagun bihar gaixotu egiten garela eta ospitalera goazela. Bertara heltzean, dagokigun ohea beste norbaitek erosi duela esaten digute eta, orain erabiltzen ari ez bada ere, beretzat bakarrik nahi duela, inoiz gaixo jartzen bada ere. Demagun, bestalde, seme edo alaba bat eskolara eramaten dugula eta bertako zuzendariak haurra bertan ezin dugula utzi esaten digula; izan ere, norbaitek gela guztia erosi omen du bere seme edo alabarentzat eta berak aukeratzen dituen ikaskideentzat. Beraz, gelako mahai batzuk libre egon arren, gure haurrak ezin du eskolan geratu. Saia gaitezen egoera horietan sartzen eta gure erantzuna zein izango zen imajinatzen... 

Zalantzarik gabe, egoera horiek onartezinak eta sutan jartzeko modukoak dira. Izan ere, gure gizarteko pertsona guztiei bermatzen zaizkie osasun- eta hezkuntza-zerbitzuak. Beraz, galdera erraza eta agerikoa da: etxebizitza oinarrizko eskubide unibertsala bada –guztiok gaude ados horrekin, antza–, ez al litzateke inolako baldintzarik eta aitzakiarik gabe bermatu behar? Hala ere, argi dago gaur egun eskubide hori ez dagoela bermatuta, agian eskubide hori urratzen ari garelako, edo agian gizartean ez delako benetako eta oinarrizko eskubide unibertsaltzat hartzen.

Abiapuntuak eta helmugak leku berberera garamatza

Arazo honen atzean dagoen oinarri ideologikoak eta teorikoak zentzua kendu eta eman egiten die gainerako beste alderdi guztiei, aldi berean. Etxebizitza oinarrizko eskubide unibertsala bada eta, horrenbestez, herritar guztiei bermatu behar bazaie, gainerako galdera guztiek erantzun erraza dute:

• Bigarren etxebizitza: herritar batzuek ezin badute etxebizitza bat eskuratu, zilegi al da beste batzuek bi etxebizitza izatea; ildo beretik, ez litzateke zilegi izango eskola batean bi leku erostea edo ospitale batean behar ez den ohe bat erostea. Alde horretatik, bigarren etxebizitzak luxutzat hartu beharko lirateke eta, ondorioz, luxu modura ordaindu beharko lirateke. 

• Etxebizitza hutsak. Horrelako kasuak are eta larriagoak dira eta, egoera hori konpontzeko, neurri zorrotzagoak ezarri beharko lirateke arazoa errotik konpondu ahal izateko. 

• Babes ofizialeko etxebizitzak. Herritar guztiek izan beharko lukete etxebizitza publiko bat eskuratzeko aukera. Hortik aurrera, ez da kaltegarria etxebizitza pribatuak ere eraikitzea: kasu horretan, pertsona bakoitzak komeni zaiona aukeratuko luke, hezkuntza- eta osasun-esparruan gertatzen den bezalaxe –herritar guztiek dute eskolara joateko edo osasun-zerbitzuetara joateko eskubidea, baita eskola edo osasun-zentro pribatuetara joateko aukera ere–.

• Etxebizitza publikoen jabe izateko aukera. Inork ez du eskola edo ospitale batean betirako leku bat eskuratzen. Hori hala izanik, zergatik gertatzen da aurkakoa etxebizitzen kasuan? Une jakin batean pertsona edo familia batek babes ofizialeko etxe baten beharrik ez badu, ez al litzateke arrazoizkoa izango etxebizitza hori beste batzuen eskuetan uztea? Testuinguru horretan, ez al da aukera hobea alokairuzko etxebizitza publikoak sustatzea?

• Eremu publikoak etxebizitzaren esparruan egiten dituen ahaleginak: gaur egun, administrazio batek ere ez du bere aurrekontuaren % 3 baino gehiago erabiltzen etxebizitza-gaietarako. Administrazio gehienetan kopuru hori ez da % 2ra ere heltzen; aldiz, osasun- edo hezkuntza-gaietan aurrekontuaren % 25-% 30 gastatzen da. Datu horiek kontuan hartuta, benetan esan al daiteke etxebizitza eskubidetzat hartzen dela?

• Administrazioaren esku-hartzea: hainbat lekutako administrazioek formula “irudimentsu” izenekoak erabiltzen dituzte. Horien arabera, jabeek beren etxebizitzak merkatuaren araberako prezioetan alokatzen dituzte eta horrez gain, aseguru bat ere kontratatzen dute. Maizterrak, berriz, prezio soziala (hau da, prezio baxuagoa) ordaintzen du etxebizitza horregatik. Halako neurrien bidez, nork ateratzen du onura gehiago? Jabeek ala maizterrek? Zertan ari gara gastatzen diru publikoa? Gutxi batzuen galera ekonomikoak saihesten eta etxebizitzen jabeei merkatuko prezioak bermatzen. Horrelako neurriak benetan eraginkorrak al dira etxebizitzaren eskubidea ziurtatzeko?

Eta orain zer?

Teorikoki, etxebizitza lehen mailako eskubide unibertsala da, baina gure gizartean gero eta zailagoa da hori eskuratzea, batez ere talde ahulenentzat: gazteentzat, emakumeentzat, hirugarren adinekoentzat, guraso bakarreko familientzat eta abarrentzat. Hori horrela izanik, agerian geratzen den galdera erraza eta zuzena da: etxebizitza ez bada eskubidetzat hartzen, zer irizpideren arabera kudeatzen da?  

 

Tamalez, egoera horren zurrunbiloa gero eta handiagoa da eta gutako asko barruan gaude dagoeneko, atera ezinik

Eskubide bat dagokion moduan kudeatzen ez denean eta esku-hartze publikoa ahula denean, eskubide hori sektore pribatuaren eta horren baitako dinamiken esku geratzen da: kasu horietan, etekin ekonomikorik handiena lortzea da helburua, jabego pribatua defendatuz eta gizartean etsipena zabalduz, “ez dago horretarako aurrekonturik” bezalako esaldien bidez. Halaber, gizarteak eta administrazioak arazo horri erantzuten ez dioten heinean, ateak erabat zabalik geratzen dira sasi pentsamendu kategorikoarentzat. 

Egoera horretan, kalterik handienak gizarteak eta gizarte-taldeek jasan behar dituzte, herritar guztiok etxebizitzaren beharra baitugu eta dinamika horiek egoera horretaz baliatzen baitira. Zer-nolako tresna dituzte talde ahulenek egoera horri aurre egiteko? Talde horiek ba al dute beren kabuz etxebizitza eskuratzeko aukerarik?

Tamalez, egoera horren zurrunbiloa gero eta handiagoa da eta gutako asko barruan gaude dagoeneko, atera ezinik. Izan ere, nork ez du ezagutzen aisialdirako bigarren etxebizitza erosi duen norbait? Zer esan diegu? Oraintxe bertan nahikoa diru izango bagenu, ez al genuke guk ere berdina egingo, etekin azkarra eta segurua lortze aldera? Ba al dakigu nola dauden osatuta finantza-erakundeen inbertsioak? Babes ofizialeko etxebizitzaren beharrik izango ez bagenu, etxe horri uko egiteko gauza izango al ginateke?

Honako hauek dira, beraz, helmugan aurkitzen ditugun galderak, eta horiek guztiek abiapuntura garamatzate, halabeharrez: pertsona orori bermatu behar zaion oinarrizko eskubide unibertsala al da etxebizitza? Eta hori benetan sinetsi eta horrek dakartzan ondorio guztiak onartuz gero, zer egin beharko genuke gizartea osatzen dugunok? Zer egin beharko genuke arazo honen aurrean etsi nahi ez dugunok?

Lurzoruaren euskal legea: ez hotz ez bero?

Lurzoruaren Euskal Lege ospetsua atzera eta aurrera dabil Eusko Legebiltzarrean; hau da Ezker Batuaren proiektu kuttuna delakoa. Hainbat eta hainbat gauza esan dira orain arte lege horri buruz, baina beti hauteskunde jokoaren markotik esanda eta ez gizartearen onura helburu hartuta. Alabaina, honelako lege bat bere osotasunean baloratu ahal izateko, bere abiapuntutik aztertu beharra dago:

Lurzorua ondasun preziatu eta garesti bilakatu da azken aldian, batez ere garestia. Egoera horren arrazoia sektore publikoaren eta pribatuaren espekulazioa litzateke. Nabarmentzekoa da hainbat udal lurzoruaz baliatzen direla beste jarduera eta inbertsio publiko ordaintzeko; gainera, ekimen pribatuak ahalik eta etekinik handiena lortzea du helburu. Horrek guztiak lurzoruen egungo prezioen egoera eragin du.

Egoera horri irtenbidea aurkitzeko, lurzoruaren legeak honako hau bermatu beharko luke: 

• Babes Ofizialeko Etxebizitzak eta Etxebizitza Sozialak egiteko erabiliko den lurzoruaren ehunekoa legez definitzea.

• Etxebizitza-eraikuntzaren eta lurralde-antolamenduaren alderdi bakoitzeko arduraduna nor izango den mugatzea.

• Lurzoruaren jabe nor den erabakitzea, baita lurzorua berreskuratzeko epeak ere.

• Lurzoruaren jabetza kentzeko baimena ematea edo ukatzea. 

Testuinguru honetan, hirukoak –Ezker Batuaren bidez– Lurzoruaren Euskal Legearen Proiektua mahaigaineratu zuen, dagoeneko aurrez hitzartuta geratu omen delarik PSOErekin. Lege honen puntu nagusiak hauek lirateke:

• Babes Ofizialeko Etxebizitzak egiteko lurzoru kopurua %75ekoa izango da hiriguneetatik kanpo eta %30a soilik hiriguneetan. Proposamen hau, eragile sozialek eskatutako gune guztietako %80eko lurzoruaren kopurutik urrun geratzen da, distintziorik gabe, ghetto edo klaseen araberako auzorik sortu gabe.

• Ez da zehazten Etxebizitza Sozialak egiteko erabiliko den lurzoruaren ehunekoa. Ordain gisa, etxe horietako batzuk Etxebizitza Tasatu bihurtzeko baimena eman da; hau da, Babes Ofizialekoak bezala hartuak diren etxebizitza erdi libreak, baina zeintzuren balioa dexente garestiagoa den: 170.000 € (gutxi gora behera 30 milioi pezta), hau da, 30 urteko epea lukeen hipoteka batengatik hilero 900 euro ordainduko lirateke (150.000 pezta).

• Lurzoruaren kudeaketa pribatizatu eta udalen eskuetan geratzen da, udaletxeen esku uzten da. Horrela lurraren kudeaketa udaletxe bakoitzaren planen eskutan geratzen delarik, eragile sozialek eskatutako Jaurlaritzaren kontrolpetik at.

• Administrazioak Etxebizitzetako jabe modura finkatzen ditu eta Administrazioak onuradunen eskuetan uzten dituzte etxeak 65 urtez; epe hori igarota, Administrazioak berriz eskuratzen ditu (lehen 80 urteren buruan berreskuratzen zituen).

• Etxebizitza hutsen inguruko desjabetzaren inguruan ez du ezer esaten, gai hau saihestuaz.

Legea lurzorua behar bezala kudeatzeko beharrezkoa bada ere, gizarte-taldeek uste dute egungo legearen edukiak ez direla nahikoak. Sustatzaileak eta oro har higiezinen merkatutik bizi direnentzat berriz urrunegi doa. Gauzak horrela, herritar bezala elementu hauekin gogoeta, eztabaida eta ondorioak ateratzera gonbidatu nahi zaitugu, eta horren arabera ekin!

Iban Narbaiza

Etxebizitza Guztiontzat taldeko partaidea

Enlaces de interés

ERAILUR
Asociación de constructores

Para controlar el precio de la vivienda es necesario controlar el precio del suelo


 



ERAILUR se define como una asociación sin ánimo de lucro que agrupa a los principales agentes del sector de la edificación. Considera en su diagnóstico que el aumento del precio de la vivienda se debe a una defectuosa estructura del mercado: aumenta la demanda mientras existe poca oferta de suelo urbanizable. Desde su perspectiva, la causa principal es la retención especulativa llevada a cabo por los ayuntamientos que han hecho de la recalificación de suelo su principal fuente de financiación.


Estudio del Consejo Vasco de la Juventud 

 

 


Basándose en datos de EUSTAT y ETXEBIDE, ofrece un diagnóstico sobre la grave situación que la juventud vasca padece para acceder a la vivienda y emanciparse. Mientras los recursos de la población crecen a una media del 3% anual, los precios en el mercado libre, en los últimos 11 años, han tenido un aumento acumulado del 132,5%. Tomando como punto de partida la situación del empleo juvenil, el salario medio, los créditos hipotecarios y los beneficios de las promotoras de vivienda, denuncia que la administración no trata el acceso a la vivienda como un derecho básico y presenta su apuesta decidida por el alquiler social.    


Manifiesto de Etxebizitza Guztiontzat-Vivienda para todos/as

La vivienda, un derecho vulnerado 

 

 


Manifiesto de la plataforma cívica suscrito por asociaciones de vecinos, organizaciones por los derechos sociales, asociaciones de apoyo a inmigrantes, sindicatos y grupos de iglesia. Exigen la orientación del dinero público y el desarrollo del alquiler social como medio para garantizar el acceso universal a la vivienda e impedir la especulación a costa de los recursos públicos.



Editorial Gara

Valoración de la propuesta de ley
21/02/06

 


El resultado es una ley que dista mucho de los planteamientos que buscan una ordenación que parta de que la vivienda es un derecho y no un negocio, aunque el negocio sea construir viviendas de VPO. Además, se plantean nuevas fórmulas que evidencian el carácter mercantil de algunos ayuntamientos.    



Editorial Diario Vasco

Valoración de la propuesta de ley 21/02/06  

 

 


De hecho, las principales operaciones urbanísticas de futuro en las grandes capitales vascas cuentan como fuentes previstas de recursos el aprovechamiento de terrenos liberados o recuperados. Y es en esta tesitura donde se echa en falta una ley vasca de financiación municipal, con criterios de racionalidad y suficiencia.