Eliza, holakoetan eta askotan bezala, banatuta. Batzuk potereari jokua egiten eta beste batzuk bizitza arriskatzen justizia eta behartsuen alde. Elizaren goi interesak defenditzeko eta “oreka sozialari eusteko”, hori bai status quo mantenduz; artzapezpiku berriak apala, ixila, espirituala, liburutakoa eta “erabilgarria” eta ahula behar zuen izan. Horregatik jarri zuten Romero, elizbarruti txiki batetik hiriburukora eramanez. Oinarrizko elizak, behartsuen aldeko elizak, ez zuen ondo onartu, egia esan. Baina Jainkoaren bideak ez direla gure bideak agerian geldituko zen. Hori ere erakutsi zigun Romerok. Azkenean, aukeratu zutenak galtzaile atera ziren.
Denek esaten dute Romeroren “bihotzberritzea” edo aldaketa sakona Rutilio Grande jesulagunaren erahilketaren bidez etorri zitzaiola. Aguilares-El Paisnal parrokian jesulagun elkarte bat zegoen Rutilio parroko zelarik. Garai hartan Jesusen Lagundiak hartua zuen bere misioren berriztapena: fedea eta justiziaren alde borrokatzea, biak batera zeren eta justizia kristau fedearen eta ebanjelizazioaren eskakizuna eta osagaia baita.
Harrez gero Romerok behartsuengana jo zuen eta bere hitzaldiak El Salvador osoan entzuten ziren geroxeago dinamitatua izan zen artzapezpikutegiaren irratiaren bidez. Are gehiago, Amerika eta Europan ohiartzun handia izaten zuten bere hitzek eta ekintzek, batez ere oinarrizko elizan. Zein gogoz irakurtzen genuen haren berri. Bere erakutsietan bi gai azpimarratu nahi ditut: Jesusen Jainkoagan bere fede gartsua eta behartsuen aldeko solidaritza. Zalantzarik gabe nire fede pertsonalean argitasuna eta laguntza izan dut eta izaten dut Romerorengatik. Nolako Jainkoagan sinistu zuen , zein fede garraz, nolako askatasunarekin, jartzeko instituzio eta trikimailu guztien gainetik. Bere fede esperientzia benetan sakona, askatzailea, garbia, ausarta izan zen; eta aldi berean behartsuen aldeko aukeran dena arristatzera eraman zuena. Etsai asko agertu zitzaion, berriz ere Jesusi bezala. Argi eta garbi ikusten dut neuk bien arteko antzekotasun eredugarria. Agintari erlikioso batzuen ulertzerik eza eta gorrotoa bere “traizioagatik”, agintari politiko, ekonomiko eta militar askok arrisku handia ikusten zuten beren interes okerrak agerian uzten zituelako. Horregatik garbitu nahi zuten. Azken homilietan aldarrikatzen hasi zen soldaduek hiltzeko aginduari kasorik ez egiteko.
Bere heriotza gertu somatzen zuen, ala eta guztiz ere, aurpegia eman zion Jainkoaren indarrarekin eta bere herriaren maitasunarekin. “El Salvadorreko herrian piztuko naiz” iragartzen zuen. Nik esango nuke ez bakarrik El Salvadorren, kristau eta ez kristau askorentzat Romero argi disdiratsu bat da XX. mendeko ortzian.
Hogeitabost urte pasa dira iadanik baina Romerok argi egiten jarraitzen du bere mistika-fede sutsuarekin eta justizia eta solidaritzaren aldeko aukera martirialarekin. Munduan zehar hainbat eta hainbat solidaritza komite barreiatuak daude bere espiritualitatea bizi nahian eta bere solidaritza moldea landuz. Liburu asko argitaratu dira hari buruz eta nola ez aipatu film bikain bat, ROMERO izenburua duena. Agortua dago, tamalez, eta gainera sare komertzialetik berehala kendu zuten baina guztiz gomendagarria dena. Aitortzen dut askotan ikusi dudala eta beti on egiten didala, horregatik aukera izaten dudanean besteei eskaintzen diet. Zinez, ez zarete damutuko. Gaurko mundu eta eliza hotz eta ilun honetan Romero berotasun eta argitasunaren seinale eta akuilua da, niretzat behintzat, XXI. mendean ere.