Kultura eremutik ikusputu iradokitzailea dugu Jon Sarasuarena. Euskal kulturaz hitzegiterakoan, arazo politikoaz aratago eraman nahi gaitu. Honako galdera honekin irekitzen du bere hausnarketa: “Nazionalismoak, arazo politikoak, berrehun urte ditu, baina arazo existentzialak milaka urte ditu (...) Ia milaka urte iraun duen hizkuntza komunitate honek, gaur egun, XXI. mendean, globalizazioaren garaian, nola egin dezakeen aurrera”.
Eta “amaren sua” metafora luzatzen digu: euskeraren komunitatearen jarraikortasuna. Ez da mapa kontu bat, muga bat, politika bat... Edo baldintza guzti hauek onartuz, ez du haietara mugatu nahi bere proposamena.
Ekologia paradigma argibide egokia izan daiteke kultura eta hizkuntzen bizia ulertzerakoan. Ekologiak, sakonean, etika bat dauka, zaintzearen etika, dibertsitatearen etika, biziari bizitzen izaten uzten duen etika. Hor dago aberastasuna eta guztiaren lotura. Eta etika honetan “hizkuntzak ez dira elkarren kontra dauden elementuak”.
Hizkuntza komunitate bezala daukagun etorkizuna gure sormenean datza. “Zer egin du herri honek pilotarekin, trikitrixarekin? Hartu, bere erara moldatu, eta sorkuntza kultural bat eskaini bere buruari, eta gero, zeharbidez, munduari.” Globalizazioak dakartzan mehatxuen aurrean, “minoria interesgarri bat izaten asmatu behar dugu”.
Gure dibertsitatea ulertzeko bideak zabaltzen dizkigu testu honek. Irakurketa, gainera, atsegin eta interesgarria.
|