|
Kontsumoa, bizi-kalitatea eta benetakotasuna |
|
|
Zergatik bueltatu kontsumo gaira? Ez al gara konturatzen kontsumo-kultura ikaragarrizko desberdintasunean sustraitzen dela? Elkartasunaren izenean gure kontsumo ahalmena murriztea ageriko jokaera izan daiteke gure artean. Gainera, proposatzen zaigun hazkunde ereduak ingurumenean dituen ondorioez jabetzeko sentiberago egiten ari gara. |
Zerk sinestarazi zigun mugarik gabeko kontsumoa dela zorionerako biderik ziurrena? Zerk sinestarazi zigun...
- Kotxe, telebista, hozkailu, ordenagailu eta abarren kontsumoak neurtzen duela gizarte baten ongizatea?
- Interesgarriagoa dela bertan ez dagoen batekin eskuko telefonoaz hitz egitea ondoan dagoenarekin baino?
- Irakaskuntzaren kalitatea eskolan metro koadroko dagoen ordenagailu kopuruaren arabera neurtzen dela?
- Gabonetan familiako guztientzat opariak erosteak familiakoen arteko harreman onak ziurtatzen dituela?
- Hitzaldi batean Power Pointen erabilerak hitzaren erabilera egokia ordezka dezakeela?
- Arma sofistikatuetan gastatzea dela bakea egiteko biderik zentzuzkoena?
- Gehiegizko informazioaren arazoa informazioa hautatzeko programa berrien bidez konpontzen dela, etsi-etsian teknologiaren zurrunbiloan askabidea topatu nahian?
- Etxeetan kotxe bana edukitzea hil edo biziko premia dela?
Eta abar eta abar.
Zerk sinestarazi zigun hori dena?
ADELA CORTINA (1)
1. Kontsumoa eta bere paradoxak
Kontsumoa eta kontsumismoa
Kontsumoa hil edo biziko premia da. Kontsumoaren bitartez eskuratzen dugu bizitzeko beharrekotzat jotzen ditugun ondasunen eta zerbitzuen zati handi bat. Kontsumitzea, beraz, gizakion halabeharrezko egitatea da.
Baina, gure gizarteetan, kontsumoaren absolutizaziora iritsi gara eta gure kulturaren eratzaile erabakigarri bihurtu da. Absolutizazio horri esaten diogu kontsumismoa. Politikariek eta enpresariek gehiago ekoitzi eta kontsumitu beharra aurkezten digute. Zenbat eta gehiago hobeto. "Kontsumoak %7,2ra goratu du Estatu Batuetako ekonomi hazkundea" ; "Espainiako ekonomia %2'3 hazi zen hirugarren hiruhilekoan kontsumoari eta eraikuntzari esker"... Halako prentsa izenburuak gure gizarteen ongizatearen zantzutzat hartzen ditugu, beste azalpen edo argibide barik.
Haatik, ekonomia giza garapenaren zerbitzura egon behar dela uste badugu, hau da, pertsonen ahalmenen, aukeren eta askatasunaren zerbitzura, ekonomi hazkundearen eta kontsumoaren gorakadaren datu hutsa ez da oso argigarria. Ekoizpenak eta kontsumoak gora egiteak ez du esan nahi askeago garenik. Ezta ekonomi hazkundearen emaitza Lurreko giza taldeen eta herrien artean zuzentasunez banatzen denik ere. Kontsumoaren gorakadaren datu soilak, bestalde, gure hazkunde ereduek eta erritmoek ingurumenean dituzten ondorioak ezkutatzen ditu.
|
Kontsumismo-kulturak gure eguneroko paisaia itxuratzen du eta denon balio sistemak eta irrikak eraikitzen ditu. Berezkoa omen da ahal den guztia kontsumitzea. Uste hori hain dugu errotua, non askorentzat harrigarria baita gure bizimodu hori zalantzan jartzea. Gure kontsumoa murriztu beharraz hitz egitea arduragabekeria ekonomikoa edo guztiz proposamen bideraezina dela ematen du. Uste horren indarrak inguratuta bizi gara. |
Gure planetan kontsumo-ondasunak eskuratzeko desberdintasuna handituz doan bitartean, kontsumismoa nagusitzen ari da kultur ereduetan |
Kontsumismoaren unibertsalizazioa
Gure begirada mundura zuzentzen badugu, errealitate paradoxiko batekin topo egiten dugu. Gure planetan kontsumo-ondasunak eskuratzeko desberdintasuna handituz doan bitartean, kontsumismoa nagusitzen ari da kultur ereduetan, herrialde gehienetako herritar guztiak harrapatuz, erdi mailako klaseak ez ezik, baita behe mailakoak eta gehiengo pobretuak ere.
Nazio Batuen Garapenaren Aldeko Programak gai honi eskaini zion 1998ko txostena . Bertan zera esaten zen: "XX. mendeko kontsumoaren hazkundea, sekulakoa kopuruan eta aniztasunean, gaizki banatu da eta ikaragarrizko gabeziak, aldeak eta desberdintasunak utzi ditu atzean". Biztanleen %20 aberatsenek munduko kontsumo pribatuaren %86 egiten dute eta %20 txiroenek, berriz, %1,3. Erkaketa hau oso esanguratsua da ondasun eta zerbitzu batzuetan:
|
%20 aberatsenek |
%20 txiroenek | |
| Okela eta arraina |
45% |
5% |
| Energia |
58% |
4% |
| Telefono-lineak |
74% |
1’5% |
| Papera |
84% |
1’1% |
| Ibilgailuak |
87% |
1% |
Baina, desberdintasunaren leizea gero eta sakonagoa den arren, kontsumismoaren uholdea planeta guztira hedatzen ari da. Hedapen hori gaur egungo globalizazio ekonomikoaren eskutik hartuta joan da. Nazioz haraindiko enpresak izan dira horren eragile nagusietakoak. Ekoizpenaren eta kontsumoaren hazkunde mugagabe horren zurrunbiloan enpresek euren produktuak kopuru handitan saltzeko merkatuak bilatzen dituzte. Publizitatea eta komunikabide globalak dituzte bidelagun ahalegin horretan. Horien bitartez proposatzen den bizi-eredua planetako bazter guztietara iristen da eta bizimodu hobe baten bila dabiltzan hainbat eta hainbat gizakiren gabezia, gurari eta itxaropenetan egiten du habia. Haien modukoa izatea da sistemak baztertu eta pobretutako askoren irrika zapuztua, zenbait ondasun bereziki sinboliko eskura izateak frustrazioa pixka bat disimulatzen badu ere. Askok hegoaldeko hiri batzuen inguruan eratzen diren miseriazko bizitokiak lehen aldiz zapaltzen dituztenean zera galdetu ohi dute: Nola izan liteke jatekorik ia eduki ez eta telebista, kasetea, mobila edo kirol zapatila hain garestiak edukitzea? Horra hor erantzuna.
Agintzari beteezina
Masen kontsumozko gizarte global baterantz goaz? Gure sistemak uste hori elikatzen du eta pobreziaren arazoa hazkunde kontu hutsera mugatzen du. Baina uste ustela da bi arrazoirengatik:
Batetik, kontsumo-ondasun batzuk posiziozkoak direlako. Haien balioa prestigioa edo estatusa ematean datza. Orokor bihurtuz gero, balioa galtzen dute ez direlako euren jabeen bereizgarri. Beraz, desberdintasuna ekoizpen eta kontsumo sistema honen kode genetikoan inprimaturik dago.
|
Bestetik, hori hala ez balitz ere, ekoizpenaren eta kontsumoaren etengabeko hazkundeak sortzen dituen ingurumen tentsioak jasanezinak dira Lurrarentzat. Indiaren independentziaren ostean, Gandhiri galdetu ziotenean ea bere herriak Britainia Handiaren bizi-maila lortuko ote zuen, zera erantzun zuen: "Britainia Handiak planetako baliabideen erdiaz jabetu behar izan zuen egun duen oparotasuna lortzeko, zenbat planeta beharko lituzke India bezalako herri batek?". |
Hiru Lur planeta beharko lirateke batez besteko estatubatuarraren kontsumo eredua unibertsalizatzeko |
Gandhiren intuizioak kide zientifikoa izan du geroagoko ikerketan aztarna ekologiko kontzeptuan. Hau da aztarna ekologikoaren definizioa: biztanle talde batek erabilitako baliabideak produzitzeko eta produzitutako hondakinak asimilatzeko behar den lur eremu emankorra. Bada, munduko bizilagun guztiak batez besteko estatubatuar bat bezala biziko balira, hau da, pertsonako 4'5 hektareako aztarna ekologikoa balute, 26.000 milioi hektarea beharko lirateke. Baina Lurrak 13.000 baino ez ditu, eta horietatik 8.800 baino ez dira ekologikoki emankor. Beraz, hiru Lur planeta beharko lirateke batez besteko estatubatuarraren kontsumo eredua unibertsalizatzeko. Eta hori oraingo biztanleriak egonkor iraungo balu .
Laburbilduz, desberdintasunen leize sakona eta agintzari beteezin baten hedapena injustiziaz, frustrazioz eta ezegonkortasunez beteriko etorkizuna ari dira sortzen. Zintzotasun ahalegin orok berton jarri behar ditu begia eta bihotza.
2. Zerk sinestarazi zigun hau dena?
Zerk sinestarazi zigun hau dena? galdetu digu Adela Cortinak gogoeta honi hasiera emateko hautatu dugun testuan. Ziur aski askotan egin diogu itaun hori geure buruari, baita publizitateak ezartzen dizkigun bizi-ereduak zalantzan jarri ere.
|
Baina inguratzen gaituzten uste eta sineskeren indarrak gure galdetzeko gaitasuna deusezta lezake. Jakin badakigu zer ondorio dituen kontsumismoak gure askatasunean, hegoaldeko herriak garatzeko aukeretan eta gure seme-alabek jarauntsiko duten munduan. Hala ere, kontsumitzeko eta bizitzeko beste modu batzuetan saiatzeko erresistentziak sentitzen ditugu. Tamalez, desengainu eta bakardade sentimenduak izan ditzakegu gure ahaleginetan. |
Batzuetan errudun sentimendua baino ez da gelditzen. Baina erruduntasuna sekula ez da aldaketaren eragile izango |
Eta batzuetan errudun sentimendua baino ez da gelditzen. Baina erruduntasuna sekula ez da aldaketaren eragile izango.
Jarraitu behar dugu hausnartzen kontsumoaren dinamika zoroari eusten dioten kultur mekanismoen gainean. Buru-argitasuna behar dugu kontsumismoa gure existentziaren ardura handiko arloetan barruraino sartzen dela onartzeko. Hala egiaztatu ahal izango dugu nola egiten den bat gure nortasunaren eraketarekin, arrakastaren eta porrotaren ikuskerarekin, bizi-kalitatea ulertzeko moduarekin. Konplexutasun horretan murgilduta gaudela jabetu behar dugu. Era horretara baino ezingo ditugu geure oztopoak onartu. Eta era horretara baino ezingo dugu geure indarra bizimodu askeago eta askatzaileagoetara bideratu benetan.
Geure nortasuna adierazteko kontsumitzen dugu
Kontsumitzea hil edo biziko premia da. Gizakiok beti kontsumitu izan dugu bizirik irauteko: janaria, arropa, aterpea... Baina, ezbairik gabe, azken mendeetan -industri iraultza ezkero, serieko ekoizpen masiboaren ondorioz- kontsumoak lehen ez zituen ezaugarriak hartu ditu. Gaur, lehen munduko pribilegiatuoi, gure erosteko ahalmenak hainbat eta hainbat ondasun eta zerbitzu jartzen dizkigu eskura, goza ditzakegunak baino gehiago, gainezka egiten digu. Zenbat film ikusi nahi genuke, zenbat lekutara joan, zenbat liburu ditugu pilatuta irakurtzeko asti apur bat noiz aterako...!
Gainezkatze horrek aldaketa handiak ekarri dizkigu gauzekin erlazionatzeko moduan. Gaur egun zenbait produktu erosten ditugu ez erabilgarri gertatzen zaizkigulako bakarrik, baita haien bidez zer garen adierazi nahi dugulako ere. Arropa jakin bat janzteak, produktu jakin batzuk jan edo edateak, gure etxeko dekorazioak... zer garen, edo zer izan nahi genukeen, adierazten dute. Gauzak gure izatearen hedadura bihurtu dira. Konbentzioz, ordezkapenaren bidez komunikatzea -zer garen adieraztea- onartu dugu: duintasunak, pozak, axolagabekeriak, dotoreziak, askatasunak... besteei erakusteko kontsumo-ondasunen itxura hartzen dute gaur egun. Ez dugu zertan asko hitz egin geure buruaz: zer kontsumitzen dugun agerian daramagu eta horrek hitz egiten du gutaz.
Marketinak oso modu zuhurrean lotu du kontsumo-ondasunen eskaintza nortasunaren eraikuntzarekin. Publizitate iragarkiek ez dituzte gehiegi nabarmentzen produktuaren ezaugarriak edo abantailak. Nortasun ikurrak eskaintzen dituzte: markak irudia, estiloa... ematen du, izaera bat eta besteen aurrean agertzeko era bat. Horren ondorioz, kontsumo-ondasunak estu-estu lotuta daude bizitzan egiten ditugun hautuei.
Imitatzeko erosten dugu, estatus bat lortzeko, nahi genukeen bizimodua dutenen mailan jartzeko. Eta gure gizarteetan prestigioaren ikuskera bat gailentzen ari da: diru-sarrera altuak eta ondasun garestien kontsumoa dira gizarteko prestigioaren adierazle nagusiak. Lehen besteek aitortutako ezaugarria zen prestigioa, gaur egun, ordea, geure kontsumitzeko ahalmenaz lortu nahi dugun zerbait da.
Baliteke gutariko asko gizarteko prestigioaren ikuskera horretatik urrun sentitzea. Gure bizitzetan ez dugu lotu prestigioa kontsumo modu garesti eta sofistikatuak lortzearekin. Horren ordez, agian bidegabekeriaren aurrean kontzientzia kritikoa garatzea eta behartsuen aldeko konpromisoa hartzea izan dira gure sozializazioaren eta gure nortasun moralaren eraikuntzaren oinarriak. Izatea edukitzea baino garrantzitsuagoa dela uste izan dugu eta halaxe esan izan diogu geure buruari. Pentsatu izan dugu gai izango ginela gure gaitasunik onenak sistemaren aginduetatik eta inposatzen zizkiguten bizimoduetatik aparte garatzeko. Baina baliteke kontsumismo-kulturaren parte inportante bat oraindik ere gure baitan izatea.
Kontsumoaren dinamikak merkataritzaren logikatik kanpo zeuden eremuak kolonizatzen eta merkaturatzen ditu bere hedapenean. Berriz ere merkatuari lotutako nortasun sinbolo berrien sorkuntzak harrapatu ote gaitu? Uste izan dugu gaitasun batzuk garatzea, esate baterako beste kultura eta herri batzuk ezagutzea, gure elkartasunaren seinale zela... Baina, azken finean ez al da ia beharrezkoa Amerika Latinoko zenbait herrialdetara joana izatea konpromiso nortasuna hobeto adierazteko? Ez al dugu sentitzen Europako hiri batzuk ezagutu beharra gure kosmopolitismoa agertu ahal izateko?
|
Uste izan dugu izadiarekiko harremana zela kontsumitzeko beharrizanik gabe disfrutatzen dakien bizimodu apalaren adierazpiderik onena... Baina, izadiarekiko harremana ez al da bihurtu kontsumo eskaintza itzelaren helburu, sentsazio bakoitzerako kirol bat sortuz, ezinbesteko makina bat material, arropa, instalazio eta leku sorrarazten dituzten kirolak asmatuz? |
Merkatuari lotutako nortasun sinbolo berrien sorkuntzak harrapatu ote gaitu? |
Gure ahalmen ekonomikoa ez da bideratu urbanizazio erresidentzialetara, baina gure kontsumo murrizketa sakrifiziozko uko egitea balitz bezala bizi dugu, gure elkartasun ekonomikoa izan genitzakeen hainbat esperientziari uko egitea bezala ikusten dugu... Zertatik askatu gara? Gure nortasunaren adierazpenak kontsumismoaren logikaren mende jarraitzen du. Eta horregatik erresistentziak, errudun sentitzea, justifikazioak... kontzientzia zorrotzaren aurrean.
Kontsumoa: gizarteko arrakastaren eta porrotaren adierazle
Kontsumismo-kultura giza bizitzan oso esanguratsua den beste arlo batean ere errotu da sakon: arrakastaren eta porrotaren pertzepzioan . Ongizatezko gizarteetan arrakastaren ikuskera jakin bat zabaldu da. Jenderik gehienak, bere ni ideiala definitzeko orduan, hiru ezaugarri hauek aipatu ohi ditu: arrakasta profesionala, prestigioa eta aintzat hartua izatea dakarten gizarte harremanak, eta kalitatezko bizitza eramateko moduko diru-sarrerak. Horiek lortzean datza arrakasta eta, azkenean, kontsumo-ahalmenak bideratzen ditu gure nahi eta asmoak. Helburu horiek lortzeko gai ez izateak norbere buruarenganako gaitzespen eta porrot sentimenduak sortzen ditu. Gure gizarteetan pobreziaren alderik txarrena ez da dakarren gabezia, hori bezain txarra da esklusiora daramaten norbere buruaren gaitzespena eta deuseztapena ere.
|
Berriro ere, kontsumitzeko ahalmena estu-estu lotuta dago bizitzako oinarrizko kategoriei. Arrakastaren eta porrotaren pertzepzioa ere kontsumismoaren logikaren mende dago. Gainera, arrakastaren eta kontsumoaren uztarria are sendoagoa da postmodernitateari dagokion ezaugarri bat erantsita: denboraren pertzepzioa. |
Ez al dugu errekonozimendu beharrik, ageriko arrakastaren beharrik sentitzen gure edozein egitasmotan, nahiz eta egitasmo eraldatzaile esaten diegun horietako bat izan? |
Sarritan esan izan da etorkizuna mehatxu moduan ikusten duen gizarteak orainaren balioa absolutizatu egiten duela. Berehalakotasunak berebiziko garrantzia du. Arrakasta oraintxe izan behar da, eta porrota, etortzekotan, ahal denik eta iragankorrena. Kultur giro honetan, arrakasta-kontsumo bikotea indarberritu egiten da. Berrirako zaletasuna da kontsumitzera garamatzaten motibazioetariko bat. Marketinak beti sustatu izan du gure joera hori. Aldaketa bat beti dator ondo, da leloa. Kontsumoa nahiak asetzeko, arrakasta sentsazioa une batez irudikatzeko, edozein insatisfazio sentimendu kanporatzeko... baliabiderik berehalakoena eta zuzenena balitz moduan aurkezten zaigu. Azkenean, berehalakotasunaren garaipenak ezartzen digun bizitzaren ulerkeran, aldatzeko grinak eta plazeraren premiak beste edozein jomuga galarazten digute.
Egon ote liteke giza bizitzarik arrakastaren halako ikuskeran? Egon ote liteke benetakotasunik unean unekoak itsututako bizi proiektu batean? Kultura osasuntsuaz hitz egin ote dezakegu pertsonarik gehienek, itxura guztien arabera, seguruenik porrot egingo badute?
Geure buruari galde diezaiokegu ez ote dugun geure egin arrakastaren eta porrotaren ikuskera hori. Ez al dugu errekonozimendu beharrik, ageriko arrakastaren beharrik sentitzen gure edozein egitasmotan, nahiz eta egitasmo eraldatzaile esaten diegun horietako bat izan? Nola bizi ditugu gure ahaleginak ingurukoen txalorik hartzen ez badute eta prestigioko taldeetan onartuak ez bagara? Ez al dugu jarraitzen elikatzen kontsumismo-kulturak bere mesederako darabilen berehalakotasuna? Halako kulturaren aurka ganorazko ezer eraikiko badugu, arrakastaren eta porrotaren bestelako bizipenak berreskuratu behar ditugu, arrakasta gure gaitasunik onenen garapen moduan biziz eta porrota gure uste sendoak umotzeko lekutzat hartuz; gure bizitzen jomuga eta zentzua berraurkitu behar ditugu, oraingo oztopoek etorkizuneko egitasmo batean zentzua izan dezaten.
Bizi-kalitateak inguraturik
Kontsumismoaren erro kulturalen gaineko gogoeta hau amaitzeko gure artean indar handia hartu duen kontzeptu bati erreparatu nahi diogu, bizi-kalitatea da kontzeptu hori. Zer kalitatez eta zer biziz ari gara termino hori erabiltzen dugunean?
Kalitatea kantitateari kontrajarri ohi zaio. Gure artean sortu den ongizate ereduak nahiago du kalitatezko bizitza, eskuratu dezakegun ondasun kopurua baino. Ahalmen ekonomikoa handitzeak, ondasun garestiak kontsumitzeko, lanaren logikan sartzen gaitu eta bizitzeko denbora, osasuna eta lasaitasuna kentzen dizkigu. Gaur egun kontsumismo konpultsiboa esklabotza moduan ikusten dugu. Bere indar guztiak estatusa eta boterea lortzera bideratzen zituen yuppiaren prototipoak erakargarritasuna galdu du, baita Iparramerikako zinemako irudietan ere. Asko baloratzen ditugu geure denbora, lagunekin erlazionatzeko uneak, seme-alabekin denbora gehiago emateko aukera... Lan munduan, ordainsariekin batera, kontuan hartzen dugu lana eta familia bateragarriak izatea, tentsioa, oporraldiak... Pisu baten hipotekan sartu aurretik, jende askok bi bider pentsatzen du zer nolako eraginak izango dituen horrek bere bizitzan.
|
Kontsumismo-kulturaren aldean, bizi-kalitatearen kontzeptuak oso alde positiboak dakartza, zalantza barik. Apurka-apurka kontzientzia berria zabaltzen ari da ekoizpen eta kontsumo sistemak gugan sortzen dituen beharrizanen gainean eta onartzen hasi gara gure bizitzak gauzen gainean daudela. Marketinak berak bizi-kalitate terminoa erabiltzea nahiko adierazgarria da noraino den estilo berrien eta nortasun berrien eratzaile konturatzeko. |
Satisfazioa, ongizatea, lasaitasuna eta bakea nahi ditugu. Eta, badaezpada, nahiago dugu ingurura ez begiratu |
Kultur aldaketa baten aurrean gaude baina, aldaketa honek ikuspegi ona eskaintzen duen arren, gabeziak ere baditu eta merezi du horiek ere aztertzea. Batzuetan bizi-kalitate terminoak ihes egin nahia izendatzen du. Arazoak eta eragozpenak saihestu, estresetik ahal den moduan aldendu, zentzurik ez duen denbora zabal bati -lan, gizarte edo politika errealitate konplexuari- denbora ostu... Ematen du satisfazio txokotxoak bilatzen gabiltzala, baina paisaia etsigarri baten erdian. Baliteke, azkenean, gure gaitasun baliotsuak garatzeari uko egitea, errealitatean inplikatzeari uko egitea, ito ez egitearren, sufritu ez egitearren. Inguratzen gaituen bizi-kalitatea ez dator bat pasioarekin, bizitzeko pasioarekin.
Horrekin batera, bizi-kalitatea doan indibidualista da. Kontua da zuhurtasunez jokatzea nik gauzekin dudan erlazioan. Neu naizelako, azken batean, neure bizitzaren kalitatea kudeatzen duena neure baliabideak optimizatuz. Satisfazioa, ongizatea, lasaitasuna eta bakea nahi ditugu. Eta, badaezpada, nahiago dugu ingurura ez begiratu, baliteke-eta besteen eskariek, gatazkek edo injustiziek gure harmonia hankaz gora jartzea. Nire bizitzaren kalitatea, nire familiaren bizitzarena eta nire lagunen bizitzarena gehien jota. Egizue kontu munduan gaitasunak eta ahalmenak dituztenen amets bakarra izango balitz bizitza bakarreko etxe batean sartzea eta mundua euren lorategiko mugan bukatzea.
Laburbilduz: Ikusi dugu nola kontsumismo-kultura sartu zaigun gure existentziaren arlo garrantzitsuetan: nortasunaren adierazpenean, arrakastaren ikuskeran, gure bizitzen kalitatean. Sustrai sakonak ditu eta inozoak ginateke kontsumismoaz mintzatuko bagina gugan eraginik ez balu bezala, gure eraketan ere zerikusirik ez balu bezala. Kultura honen bidegabekeriaz eta bideraezintasunaz jabeturik, bizitzeko modu berriak sortzeko egiten ditugun ahaleginek erresistentziekin eta errudun sentipenekin topo egiten dute, zeren, zure aberastasuna non, zure bihotza han (Mt 6, 21). Ebanjelioko baieztapen honek esangura sakona hartzen du hemen: gure bizitzaren kategoriarik erabakigarrienak kontsumismo-kulturaren gainean eraikitzen diren artean, boluntarismo ariketak baino ez ditugu egingo. Errealitate hau aitortzeak geldiarazi egiten gaituzten frustrazio sentimenduetatik askatzen lagunduko digu. Baita gure gaitasunen orientazio baikor eta integratzaileagoa aurkitzen ere, bizitzeko beste modu bat sentitu, esan eta sinestarazteko. Bide horretatik eraman nahi dugu orain gure analisia.
3. Benetakotasuna berreskuratu
Sistemaren ondorio etikoak: lehia eta alienazioa
Bizitzarako edozein proposamenek ezin du alde batera utzi zein errealitatetan txertatzen den. Kontsumismo-kultura desberdintasun sakonak dituen mundu batean hedatzen ari da. Eta gure hazkunde ereduek Lurraren orekan duten eraginak kolokan jartzen du haien jasangarritasuna.
|
Errealitatean bizitzeak arrazoi moralera eramaten gaitu, gure kontsumo moduen eta haien ondorioen gainean gure arrazoimena aplikatzera. Kontsumismoak dakartzan bi ondorio moral azpimarratu nahi ditugu hemen: |
Kontsumismoak sustatzen duen zoriontasun ideiak gure gizatasunaz gabetzen gaitu |
a) Lehenik, kontsumismoak lehia sortzen du gure harremanetan. T. Todorov pentsalariak dioenez, herrialde bateko indar politikoen azken helburua eta bakarra baldin bada ahalik eta kontsumorik eta ekoizpenik gehien ziurtatzea, horren lorpenak pertsonen arteko harremanetan nolako eragina izango duen kontuan hartu barik, esnatzea ikaragarria izan liteke. Gure gizarteetan komunikatzeko modu murrizgarrien eta existentziaren irudikapen indibidualisten mehatxua dugu, besteen beharra - denok daukaguna- tragedia baten moduan biziarazten diguten ikuskeren mehatxua.
b) Bigarrenik, kontsumismoak sustatzen duen zoriontasun ideiak gure gizatasunaz gabetzen gaitu. Gizarte kapitalistetan kontrol sistema konplexuak daude pilatu nahiak sortzeko etengabe. Gizarteak behartsuenen oinarrizko beharrizanak asetzeari eskainiko balio erosteko ahalmena dutenen kontsumo nahiak moldatzeari eskaintzen dizkion sormenaren eta baliabideen zatitxo bat behintzat, aspaldi amaituko ziren pobrezia eta gosea. "Gure gizarteko proposamenek inbaditu egiten gaituzte, gure barruan barrena ibili, gure zaurien zuloan gotortu eta, ezkutaleku horretatik, gure bizitzaren hariak mugitzen hasten dira" . Ezkutuko horrek gizatiarrago egiten gaituzten gaitasunak alde batera uzten dituzten irriketara bultzatzen gaitu. Kontsumismok alienazioa eragiten du.
Bizi-kalitatetik benetakotasunera
Zerbait hausten da gugan. Berehalako satisfazioek, ageriko arrakastaren beharrizanak, ongizatearen lilurak euren indar guztiaz erakartzen gaituzte. Kontzientziak, ordea, mantentzen laguntzen dugun errealitatearen eta kulturaren kontraesanak erakusten dizkigu oraindik. Ezin gara hautsita bizi. Hautsita, mundua ahaztu egiten baldin badugu -bere konplexutasun guztiekin, baina bere posibilitate guztiekin aldi berean- inori eta ezeri erreparatzen ez dion ongizate indibidual batean ixteko. Baina hautsita, era berean, koherentzia arrazional hutsez bizi baldin bagara, ukabilkadaka, gure egintzak uko egite eta sakrifiziotzat hartuz, gure keinu etiko bakoitza geure zoriontasunari kenduko bagenio bezala hartuz.
Benetakotasuna berreskuratzeak zera esan nahi du, garen guztiaren batasuna berreskuratzea, kontsumismoak gure existentziaren funtsezko kategoriak moldatzeko darabilen mitoa deuseztatzea. Inguratzen gaituen kulturak jarraitzen badu kontsumo-ondasun berriak aurkezten gure nortasuna adierazteko bide gisa, benetakotasuna berreskuratzeak esan nahi du barruan dauzkagun gaitasunik onenen gainean eraikitzea geure burua. Beste pertsonekiko eta geure buruarekiko harremana eta erosi ezin daitezkeen beste hainbat gaitasun izango dira beti pertsona moduan hazteko biderik onenak. Aurkikuntza honen ildotik, berehalakotasunera garamatzan arrakastaren ideia gainditu behar dugu, edozein bizitza proiektuk behar duen zentzua eta jomuga berreskuratzeko. Gure zoriontasunaren iturria barruan sortzen bada, iturri hori lantzeko beta hartzen badugu, moralak eskatzen dizkigun kontsumo murrizketa eta elkartasun ekonomikoa ez ditugu biziko geure buruari zerbait kentzea bezala. Inork ez du esan kontu erraza denik. Baina inork ez du definitu giza zoriontasuna borondatea eta ekintza alde batera utzita. Era horretara baino ez dugu lortuko kalitatezko bizitza.
|
Benetakotasuna berreskuratuko badugu, zoriontasunera daramaten eta unibertsalizatzeko modukoak diren bizimoduak inauguratu beharko ditugu. Bi helburuak dira funtsezkoak kontsumoa gizakiaren mende -gizakiaren zerbitzura- jarri nahi duen eta, aldi berean, munduko bizilagun guztiekin zuzena izan nahi duen proposamen batean. |
Benetakotasuna berreskuratzeak zera esan nahi du, garen guztiaren batasuna berreskuratzea |
4. Bizitzeko modu inkluienteak
Esklusioa sorrarazten duen kontsumismo-kulturaren aurrean, badira -eta zabaldu egin litezke- bizimodu inkluienteak. Inkluienteak, gure munduko eskandaluzko desberdintasun sakonak ahazten ez dituztelako. Planetako biztanle guztientzat izan litezkeen kontsumo moduak proposatzen dituztelako. Lurraren orekan dituzten ondorioak aintzat hartzen dituztelako eta etorkizuneko belaunaldien eskubideak gogoan dituztelako.
Bizimodu honek ez du gutxi batzuena bakarrik izan nahi, pozik bere koherentzian, baina errealitatean eraginik izateko ahalmen barik. Aitzitik, kultura berri bat eta itxaropen berri bat sortu nahi ditu, eta erakarpen faltsuetatik askatutako zoriontasunaren baieztapenean oinarritzen du bere indarra.
|
Gure munduak behar dituen aldaketa politikoak eta egiturazkoak bizimodu berrien aurkikuntzan eta sendotzan oinarrituko dira beti. Gure buruetan errealitateari buruzko informazioa dago, kontraesanen kontzientzia, arrazonamendu moral eta ideologikoak... Baina horietako batek ere ez gaitu mugiaraziko askapen pertsonalaren bizipenik gabe. Bizitzeko beste modu batzuei ekiteko dauzkagun erresistentziak eta errudun sentimenduak azaltzen ahalegindu gara. Orain, landu behar dugun balio bat azpimarratu nahi dugu: xumetasuna. Inguratzen eta eratzen gaituen kulturaren nahaspilan, xumetasunak hazteko behar dugun berritasuna, aldaketa, eskaintzen digu. |
Gure munduak behar dituen aldaketa politikoak eta egiturazkoak bizimodu berrien aurkikuntzan eta sendotzan oinarrituko dira beti |
Xumetasunaren balioa
Kontsumismoak erabili eta bota egitearen kultura bultzatzen du, gauzak gauzen gainean pilatzearena, publizitatearen erakargarriei eta modaren morrontzari beti adi; bizimodu xumeak, ostera, gauzekin bestelako erlazioa izaten uzten digu. Bizimodu xumeak gauzak modu egokian baloratzera garamatza, bere erabilera-balioagatik, alferrik galdu barik edo neurriz kanpo erabili barik. Gauzak zaindu egin behar dira, batez ere denontzako ez direla iristen jakinda. Balorazio egoki hori ez da egiten gauzen kopurua gure erabiltzeko ahalmena baino handiagoa bada. Ondasunek gainezka egiten digutenean, txarto erabiltzea da errazena. Pilaketak axolagabekeriara darama.
|
Bizimodu xumeak geure buruaren jabe izatea eskatzen digu erosketak egiteko orduan. Erosi aurretik pentsatu. Ekintza ludiko hutsa barik kontzientzia mailatxo bat duena izan dadila. Ondo erostea da erositakoarekin erlazio egokia edukitzeko lehenengo baldintza. Denok jokatzen dugu horrela erosketa ekonomikoki garrantzizkoa denean, baina zuzena litzateke erosten dugunaren balio ekonomikoa hain handia ez denean ere berdin jokatzea. |
Gure barne denbora beste era batera bizitzeko, gure gorputzarekin adiskidetzeko, behatzeko sentiberatasuna garatzeko |
Bizimodu xumeek norberaren autonomiarako eta giza hazkunderako eremu zabalagoa irekitzen digute. Hau geure buruaren birbideratzearekin lotuta dago: erakargarritasun handiagoa sentitu giza arlorako arlo materialerako baino; erabileran topatu gozamena eta ez gehiegikerian edo jabetzan. Xumetasunak aukera ematen digu sarri askotan gauzen, tramankulu teknologikoen eta ezartzen dizkiguten erritmoen azpian ezkutatuta geratzen den bizipena baloratzeko. Gure barne denbora beste era batera bizitzeko, gure gorputzarekin adiskidetzeko, behatzeko sentiberatasuna garatzeko; pertsonekiko eta geure buruarekiko harremanak gozatzeko... Xumetasunak garrantzi handiagoa ematen dio bizitzak oparitzen digun pozari, gauzek sortzen digutenari baino. Eta giza zuhurtasun eta sakontasun horrek garrantzizkoa eta azalekoa, zoriona eta bere ordezkoak bereiztera eramango gaitu.
Bizimodu xumeak lotsarekin ere badu zerikusia. Lotsa egun pare baterako etxetik irten eta badaezpada hainbeste traste eramaten ditugunean beti ukitu barik itzultzeko. Lotsa guk hainbesteren premia dugulako beste askok zer eramanik ez dutenean.
Zaila da, ordea, xumetasuna lantzea norberaren erabaki hutsez. Denak bultzatzen gaitu kontrako norabidean: gure barne joera askok, gure inguruak eta eraso komertzialek. Horregatik, lan hau ezin du nork bere indarraz bakarrik burutu. Xumetasunezko eremuak behar ditugu, bizimodu normala halakoxea duten eremuak, halako balioak garatzen dituzten giza taldeak, balio horiek agerian dituzten kultur guneak.
Neurrizkotasun konpartituaren zibilizaziorantz
Xumetasuna aukera etikoa ere bada? Zalantzarik gabe. Bide hau hartzen badugu ez dugu egiten erraza delako. Publizitatearen deiei men egingo bagenie konpultsioz erosiko genuke. Gogoratu besterik ez dago Sadam Huseinen semeetako batek 2.000 luxuzko auto zeuzkala: erosteko mugarik ez duenean jabetzak irits dezakeen zoramenaren adibidea Bizimodu xumea hautatzea borondatezko erabakia izan daiteke munduko aberastasunaren banaketan onura gehien atera dutenentzat.
Baina ondo hausnartutako erabaki horrek ezin du ahaztu bizimodu xumea halabeharra dela planetako beste bizilagun askorentzat. Munduko gizakirik gehienek ezin dituzte eskuratu bizimodu duina izateko behar diren gutxieneko ondasunak ere. Haiekiko elkartasunagatik ere ari gara xumetasunaz. Eta horrexegatik, kontua ez da norbera garatzea bakarrik, gizatasunean garatzea ere bada, beste batzuk horretaz baliatu daitezen.
Eta bada bigarren arrazoi etiko bat ere: etorkizuneko belaunaldiek munduaz gozatzeko guk besteko eskubidea dute, baina ezin izango dute oraingo erritmoan kontsumitzen eta xahutzen jarraitzen badugu. Bizimodu xumeak zilegitasuna ematen dion euskarri etikoa du: unibertsalizatzeko modukoa da. Neurriz kanpoko kontsumoa, ordea, ez; eta irain etikoa da, hortaz.
Ildo honetatik aurkeztu zuen Ignacio Ellacuríak bere proposamena: txirotasunaren zibilizazioa, berak izendatu zuenez. Gero, Jon Sobrinok neurrizkotasun konpartituaren zibilizazioa eman zuen, inork ez ziezaion leporatu Ellacuríari denok txiro izan behar genuela proposatu izana. Ez zen hori zentzua. "Txirotasunaren zibilizazioa" aipatzen denean, "kapitalaren zibilizazioa"ri kontrajarriz egiten da. Izan ere, "ez du onartzen kapitalaren metaketa izatea historiaren motorra eta gauzen jabetza izatea gizatasunaren oinarria, eta oinarrizko beharrizanen asetze unibertsala hartzen du garapenaren ardaztzat, eta elkartasun konpartituaren areagotzea gizatasunaren oinarritzat" .
|
Neurrizkotasun konpartituaren kulturak oinarrizko beharrizanak eta nahiak bereizten ditu. Gure sistemak onartzen badu ordaintzeko ahalmena dutenen nahirik finenak betetzea, halako ahalmenik ez dutenen oinarrizko beharrizanak alde batera utziz, printzipioren bat proposatu beharko dugu beharrizanak nahien gainetik egon daitezen. Ezingo ditugu zilegitzat jo gizateriaren gehiengoaren oinarrizko gaitasunen garapena eragozten duten kontsumo moduak. |
Kalitatea hobetu nahi du giza harremanetan, elkartasunean eta elkar aintzat hartzean |
Ideia hau erabat kontrajartzen zaio gure satisfazio-kulturari eta, hortaz, kultur eraldatze sakona eskatzen du. Gogoeta honen zati handi bat eskaini diogu. Izadiarekin bakean egon litekeen bestelako mundu baterako behar diren baliabideak eta oinarri teknologikoak badauzkagu. Baina mundu horretarako gizarte eta kultur oinarria ezarri behar dugu, zeren, Sánchez Ferlosiok dioenez, "ezer ez da aldatzen bizitza zuzentzen duten jainkoak aldatzen ez badira".
Neurrizkotasun konpartituaren kulturak ez du urritasuna banatu nahi. Kalitatea hobetu nahi du giza harremanetan, elkartasunean eta elkar aintzat hartzean. Kontua da modu gizatiarrean bizitzea, gaur egun merkatuaren logikak iluntzen dituen gizakiaren arlo batzuei leku eginez. Ikusi dugu badirela gizadiaren ekoizpen materialerako mugak. Baina ez dago gizartea garatzeko, herritarrek parte hartzeko, kultura eta hezkuntza zabaltzeko, morala garatzeko mugarik. Ez dago maitasunerako, adiskidetasunerako eta samurtasunerako mugarik. Ondasun hauek guztiak, materialak ez bezala, ugaldu egiten dira konpartitu egiten direnean. J. Riechmannek dioenez, "lurraren gainean zama arinaz ibiltzeak ez dakar ezinbestean bizitza betearen atseginei eta pozei uko egitea".
Nork aldarrikatu du hau dena? Nork gauzatuko du hau dena gizartea aldatzeko proiektu batean? Politikari batek ere ez du bide horretan aurrera egingo herritarrei horren eskerik antzematen ez badie. Duela urte batzuk, Peter Glotz alemaniar politologoak esan zuen ezkerrak eraiki behar zuela indartsuen aliantza ahulen mesedetan eta euren interesen kaltetan. . Eta espiritu hori hedatuz doa. Gero eta talde eta mugimendu gehiago sortzen dira bestelako mundu bat posible dela aldarrikatzen dutenak, denok ikas dezakegula beste modu batera bizitzen uste dutenak. Eta bide horretan euren benetakotasuna aurkitzen dute.
Gure gogoetari amaiera emateko, Adela Cortinaren hitz batzuk dakartzagu, lerro hauetako asko iradoki dituzten hitzak:
La dicha es para los cuerdos,
para quienes practican,
más que la virtud de la prudencia,
la de la cordura,
que es un injerto de la prudencia
en el corazón de la justicia y la gratuidad.
|
Centro Social Ignacio Ellacuría |
(2) El País, Economía, 31/X/03.
(3) El País, Economía, 4/XI/03.
(4) PROGRAMA DE NACIONES UNIDAS PARA EL DESARROLLO, Informe sobre el Desarrollo Humano, Mundiprensa, 1998.
(5) RIECHMAN, J. (ed), Necesitar, desear, vivir, Libros de la Catarata, Madrid, 1998.
(6) Analisi hau hartu dugu erreferentziatzat: RODRÍGUEZ OLAIZOLA, J.M., La cultura del éxito, Sal Terrae aldizkaria 90 (2002) 629-643.
(7) GONZÁLEZ BUELTA, B., Orar en un mundo roto, Sal Terrae, Santander, 2002.
(8) ELLACURÍA, I., hemen aipatua: ETXEBERRIA, X., Ignacio Ellacuría: testimonio y mensaje, Bakeaz 47.zk., Bilbao, 2001.
(9) Hemen aipatua: DÍAZ-SALAZAR, R., La izquierda y el cristianismo, Taurus, Madrid, 1998.
(10) RIECHMAN, J. (ed), Op.Cit.
(11) Hemen aipatua: ZUBERO, I., Las nuevas condiciones de la solidaridad, DDB, Bilbao, 1994.
(12) CORTINA, A., El evangelio y las clases medias, Sal Terrae aldizkaria 91 (2003) 547-558.
