Bizitakoak

Bizitakoak

Hezkuntzarako baliabideak: tutoretzak eta ertainetako ikasgaiak, pastoraltza jarduerak...


Lehenengo kontakizunak 17 urteko mutil batek eta neska batek idatziak dira. Kontsumismoagatiko nahigabea, euren inguruko lehiakortasunaren gaitzespena... baita autokritika ere, izaten dituzten kontraesanak aitortzen dituztelako. Euren hitzak argigarriak dira eta, abiapuntu moduan hartuta, antzeko hausnarketa sortaraz dezakete gure taldeetan. Aipuekin lanean proposamena analisiari eta ulermenari begira egina da. Bizitakoak atal honetan, berriz, arlo pertsonal eta afektiboan barneratuko gara. 

Bi kontakizun hauekin batera helduek idatzitakoak ere bildu ditugu. Ez dute keinu heroikorik erakusten. Apurka-apurka hartzen diren erabakiak, beste bizitzeko modu bat argitara dakarten keinuak interesgarriago iruditu zaizkigu. Gazteentzako kontakizun interesgarriak direlakoan gaude, ezer egin ezina eta alternatibarik eza sentitzen diren uneetara hurbiltzen baikaituzte. Esperientzia horietara gerturatzeak nagusi den kulturakoa ez bezalako bizimodu batekiko interesa sortaraz dezake taldean. Koaderno honen Gehiago jakiteko... osagarrian, zabaltzen ari diren alternatiben inguruko orientazioak eta iturriak aurkituko dituzue.


Gabonetako ezinegona
Leticia, 17 urte


Publizitate bonbardaketa masiboak, jende pilak merkataritza guneetan, "Cortylandia",... aurten ere Gabonek handikiro adierazten digute euren etorrera.

Atsegin dugu denok opariak jasotzea, etxea apaintzea, gabon-kantak abestea, despentsa gainezka ikustea,... hain da idilikoa dena!

Baina batzuetan kontzientziaren harra sentitzen dugu barru-barruan, eta orduantxe parte hartzen dugu "kiloarena" bezalako kanpainetan, behartsuenei janari apur bat emanez, gu eurak baino egoera hobean gaudela inoiz baino kontzienteago izanez.

Hala ere, kontsumismo zoroa, sasi-elkartasuna eta kontsumoaren kontrako kritikak urtean-urtean errepikatzen dira. Ni neu ere hipokrita sentitzen naiz halako jokabideak gaitzesten, neure jokabidea ere kaskarra baita horretan. Denek egin ohi duten bezala, multinazional handiek sortutako Gabonek liluratu eta herrestan eramaten naute neu ere.

Azken batean, oso zaila da ¾ezinezkoa dela ere esango nuke¾ publizitateak sortutako heziaren, baldintzatzen gaituen inguruaren gainetik pasatzea, inguratzen gaituen eta benetako errealitatea ezkutatzen digun burbuila eroso hori zapuztea. Benetako errealitate horren barruan, oinarrizko gauzarik ez duten pertsonak bizi dira, eta hiper-kontsumorik suntsikorrenaren auzokide izateko zoritxarra eduki dute gainera.


Ni naiz ni... eta nire dirua
David , 17 urte

Gaur eguneko nerabeak lehiakortasunean hezten gaituzte eta lehia horretan dute oinarri gure bizitzako zutabeek (ikasketak, kirola,...). Ez digute pertsona bezala pentsatzen irakasten, makinak bezala baino. Helburu bakarra hobeak izatea da, bihar-etzi gure irabaziei esker gure inguruan dauden pertsonek baino goragoko bizi maila izateko. Izan ere, gogobetetze pertsonala laneko arrakastaren, auto markaren edo oporretara goazen tokiaren arabera neurtzen dugu, gazteen artean eskolako arrakastaren, eskuko telefonoaren markaren edo udan ingelesa ikasteko tokiaren arabera egiten dugun moduan.

Hortaz, kontsumoa da bakoitzaren zoriontasuna neurtzeko termometroa. Zenbat eta gehiago hobeto! Baina, jakina, horrela lagun hurkoaren arrakasta nire porrot bihurtzen da. Honi guztiari aurre egiteko daukagun aukera bakarra, erosi beharrik izan gabe, atenditzen ez ditugun gauza guztietan bizitza oinarritzea da: familia, lagunak,... eta, harrigarria bada ere, horiexek dira garrantzitsuenak.


Kontsumo libreago batera bidean
Cristina, 30 urte


Niretzat funtsezkoa izan da munduan gertatzen ari denaz irakurketa bat egitea, pertsona mailako erantzuna eman egin behar dela eta neure esku dagoela hori egitea konturatzeko. Pertsonen bizitzetan neoliberalismoak dituen eraginak ikusteak ¾langileen esplotazioa, kutsadura, ekonomia eta gizarte desberdintasunak, desberdintasun hori sustatu eta defenditzen dutenen jarrerak¾ garapen eredu hau elikatzen duten gauzei eragozpena jartzera bultzatu nau.

Hala ere, askatasunez kontsumitzea zaila egiten zait. Kontsumitzeko orduan, baldintzatzaile eta presio ugarik eragiten digutela ikusten dut: publizitate bonbardaketek, gizarte presioek, prezioek.

Multinazionalek langileak esplotatzen dituzten herrialdeetako lantegietan egindako arropa ez erostea erabaki dut, baina denda "alternatibo" gutxi aurkitzen dut edo zail egiten zait egoera horretaz baliatzen diren markak/dendak zeintzuk diren identifikatzea.

Patrikako telefonorik ez izatea aukeratu dut, neurriz kanpoko erabilerari uko egiteko, beronek dakarren energia gastu alferrikakoari, batzuetan sustatzen duen berehalakotasun-prisa-estresari ezetz esateko, baina inguruak patrikakoa izateko eskatzen dit errazago aurki nazaten, errekaduak bidal edo jaso ditzadan, bizimodua "errazteko".

Janari ekologikoaren aldeko apustua egiten saiatzen naiz (pestiziden eta janarietan aldaketa genetikoak dituzten produktuen kontra) baina prezioak oso altuak dira.

Oraindik bide luzea dut aurretik. Bete gabeko erronkak ditut. Hainbat datozkit burura. Etxean produktu kutsakorrak ez erabiltzea eta elektrizitatea, autoa, ura, telebista neurriz erabiltzea. Ahalik eta paperik gutxien erabiltzea (folioak, aho-zapiak, elikagaientzako beharrezkoak ez diren ontziak). Denbora hobeto erabiltzea. Bizitza maila xumea mantentzea, beharrezko gastuaren eta beharrezkoa ez denaren arteko oreka gordetzea. Toki guztietan saldu nahi dizkiguten edertasun, kontsumo, "zoriontasun" estereotipoak apurtzea.

Horretan dihardut. Zailtasunak zailtasun, bide horretan jarraitzen dut, ilusioz eta gogotsu, egunean-egunean bidegabekeria globalaren aurka egiten saiatzen, gauzekiko askeago izaten.


Autoa versus trena
Rober, 33 urte


Bi urte eta erdi inguru daramat Balmasedan bizitzen. Bilbon lan egiten dudanez, etxetik lantokira dauden 28 kilometroak egunero egin behar izaten ditut halabeharrez. Hasieran ez nuen inolako zalantzarik: autoan joanez gero goizean ordu erdi gehiago lo egin nezakeen (uste dut denok dakigula zer den seietan edo zazpietan ordu erdi gehiago lo egitea) trenaren ordutegiarekin konparatuta, hauxe baitzen nire bigarren aukera. Horrez gain, autoa erabilita bidea 25 minututan egiteko modua neukan, trenetan kilometro berberak egiteko behar den denboraren erdia. Pisuzko argudioak, inolako zalantzarik gabe!

Hala ere, gaur egun trenez joaten naiz lanera. Bi izan dira, funtsean, "autotik erorarazi" nauten arrazoiak. Lehenik eta behin, trenean ibiltzeak bi ziurtasun desberdin ematen dizkigu: heltzeko segurtasuna eta sasoiz heltzekoa. Horrekin esan nahi dut trenek autoek baino istripuak izateko arrisku txikiagoa dutela eta, nahiz eta ematen duten zerbitzua hobetu egin daitekeen, haietan ez dela errepideko ustekaberik izaten; izan ere, halako "ustekabeek" -gaur egun hain ustekabeak ez badira ere- jokoz kanpo utz gaitzakete, goazen lekura berandu heltzeko bestean.

Baina, aurreko lerroaldean nioen bezala, bada bigarren arrazoi bat nire "konbertsioa" azaltzeko: trenean bidaiatzea merkeagoa da eta, batez ere eta hauxe da garrantzitsuena, solidarioagoa da. Baliteke gure erosotasuna neurri batean alde batera utzi eta bizi garen munduaren beharrizanak gogoan gehiago izateko unea izatea. Azken batean, trenaren eta autoaren kontu hau anekdota hutsa izango da askorentzat, baina, egia esan, urrats nimiño bezain baliotsua izan liteke "niri interesatzen zaidanaren" eta "denoi interesatzen zaigunaren" arteko bidean.


Tentazioak eta zailtasunak kontsumo gizartean
Salva, 31 urte


Ikasle batek komentatzen zidan duela gutxi (irakaslea naiz, beraz), zein zaila zen kontsumo gizartearen berba goxoei entzungor egitea. Berak zioen bezala, asko irabazi behar duzu eta soldata ona izan familiari gauzarik onenak emateko eta bizimodu duina izateko. Zaila zen, bere aburuz, bizi garen munduan koherentzia mantentzea.

Izan ere, mendebaldeko gizarte honen tentazioak asko dira arlo honetan. Euren aurrean, batzuetan ez dugu behar dugun besteko adorerik izaten gure usteei tinko eusteko.

Bikote batek elkarrekiko bizitzan hartu beharreko erabakiak jar daitezke adibidetzat diruaren eta ondasunen erabilera koherentea kolokan jartzeko:

1) Gaur eguneko gizartean beharrezkoa dirudi pisu bat edukitzea, helduen bizitza independenteari hasiera emateko. Batzuetan beharrizan horri neurri bat, auzo berezi bat, berria izatea, e.a. gehitzen zaizkio. Pentsamendu horri kasu eginez gero, dena da derrigorrezko. Beharrizan hori asetzeko, sekulako hipoteka ordaintzen duzu, hilero diru sarreren zati handi bat irensten dizuna.

Guk (emazteak eta biok) hasieran ordaintzeko asmoa genuen baino garestiago pagatu genuen pisua (ez askoz garestiago). Zorionez, hipoteka ez da hain itogarria. Beharrezkotzat jotzen ditugun beste gauza batzuetarako dirua izaten dugu. Koherentziaz jokatu genuen, ahal genuen neurrian behintzat.

2) Hartu beharreko beste erabaki bat autoa erostea izaten da. Bikote orok behar izaten du autoa, lanerako ez bada aisialdian batera edo bestera askatasunez ibili ahal izateko. Lehena ez da gure kasua, zorionez, eroso joan gaitezkeelako lanera autoa erabili gabe. Ez dago, hortaz, koherentzia arazorik. Hala ere, aisialdian autoa erabiltzeak arazo bat baino gehiago sorrarazten dizkigu, askatasun handiagoa izango baikenuke asteburuak eta oporrak planteatzeko orduan. Eta orduantxe sortzen da hautatu beharra: lehen mailako beharrizana? Ez. Baliagarria izango litzateke aisialdiko une gutxi horiek gehiago gozatzeko? Bai. Zer aukeratu? Ez dakit zein izango litzatekeen erantzun koherentea. Oraingoz ez daukagu autorik, erosteko dirurik ez daukagulako ezta derrigorrezko beharrizanik ere. Etorkizunean, auskalo.

3) Astialdiak eta eguneroko bizitzak ere sorrarazten dituzte ekonomia aldetiko liskarrak, auto kontuak alde batera utzita. Zenbat diru gastatzen dugu jatekoetan, gure bizioetan, liburuetan, musikan, bidaietan, ikuskizunetan, zerbait hartzera irteten? Argi dago beharrezko gastuak direla, baina, zein puntutaraino? Koherentea da aparteko gastu hori (janariaz apartekoa, jakina) gizateriaren zati handi batek jateko nahikoa ere ez badauka? Oreka batera iritsi behar da, baina liskarra beti dago hor, koherenteak izateko liskarra alegia.

Gu pribilegiatuak gara. Eroso samar bizitzeko behar duguna baino gehiago irabazten dugula uste dut.Gure soldataren zati bat behartsuentzako garapen eta asistentzia proiektuetarako emanda ere, beti dugu barruan halako ahots txiki bat diruaren erabileraren eta kontsumoaren koherentziaz galdekatzen gaituena, Jainkoari esker.
 


Bakardade eta zalantzaz beteko arratsaldeak
Alvaro eta Nieves, 40 urte

Arratsaldeko lau eta erdiak dira eta gure seme-alabak oraintxe aterako dira eskolatik. Zaharrenak zortzi urte ditu eta txikiak bost. Amaren eta aitaren lanaldiak murriztu eta txandak egiteari esker egon gaitezke eurekin. Motxilak batu eta askaria emateko ordua da, lagunekin jolastekoa eta etxeratzeko ordua ahalik eta gehien luzatzekoa.

Baina bakarrik geratu gara. Laguntxoak arineketan joan dira margolaritza, musika edo ingeleseko klasera, futboleko entrenamendura edo igeriketa ikastarora. Eta gure seme-alabak bakarrik geratu dira patioan, harridura aurpegian eta ogitartekoa eskuan dutela.

Giroa astuna da. Igarri egiten da pisu hori, batez ere bakarrik geratzen bazara. Eta seme-alaben bakardadea bizitasun handiagoz bizi dugu. Ondo jokatu ote dugu eskolaz kanpoko jarduera bakar batera apuntatuta? Gure ustez erabaki ona bada ere, ona ote da benetan gure seme-alabek ingurukoek ez bezala bizi behar badute egoera?

Erraz samarra da uste sendoez hitz egitea. Adibidez, pentsa dezakegu zenbait umek daramaten bizimodu zoro honek neurriz kanpo estimulatutako pertsonak sortuko dituela, esperientzien eta jardueren kontsumitzaile handiak sortuko dituela, alegia. Erraz esango diogu geure buruari ez ditugula seme-alabak horrela hezi nahi, gauzen balioa zein den, xumetasunez gozatzen ikas dezaten nahi dugula, hainbeste gauza, hainbeste estimulu eta tramankulu eduki barik. Erraza da hezkuntzaren zati intelektual hori.

Benetan zaila dena zera da: etxera itzuli eta ulertu ezin dutena azaltzen saiatzea. Eta batzuetan bakardade eta zalantza une horiek otoitz sutsuzko une bihurtu dira, gure bilatze horri eusten dioten konfiantzazko sentipen.


Inicio Búsqueda Subscripción © Centro Social Ignacio Ellacuría 2012