Baso aurkezpena: dibertsitatearen onarpena

Baso genealogikoa:

gure dibertsitatearen onarpena

 Gorde edo inprimitzeko       



Baso genealogikoa, Alboan fundazioak antolaturiko “Hiritartasuna eta Nortasuna” izeneko mintegi batean parte hartu dugun pertsona talde batek elkarrekin trukatzeko esperientzia batetik dator. Taldeko zenbait kidek, batez ere heziketa lanean ari garenok, uste bera adieraztera heldu ginen. Bizitako esperientzia baliotsua zen eta merezi zuen beste pertsona batzuei eskaintzea.
Lerro hauek bizi izan duguna deskribatu nahi izan dute eta koaderno honek aurkezten dituen lanabesei sakoneko zentzua ematen die: alde batetik, heziketa proposamena, dagoeneko geure geletan arrakastaz erabili izan duguna; eta bestetik, gure bidetik jo nahi duten jende helduentzako zenbait baliabide. Gure iturri askotako kulturaren ulermen aberasgarria proposatzen dugu eta gure joera aniztasunaren onarpen eta aitormen esperientziarako gonbita egiten dugu. Gure hitzek esperientzia partikularra jasoko dute, senak eragina eta sumatutako aukeratik asko duena.


1. “Hiritartasuna eta Nortasuna” mintegiaren esperientzia

“Hiritartasuna eta Nortasuna” mintegiak, bizitzan ibilbide desberdinak, kultur jatorri desberdinak, politika sentimenduak, gure gizartearen aniztasun ideologikoaren ispilu direnak. Bildutakoon hiri eta herrien jatorriak, gure herriaren egoera soziolinguistiko konplexuaren ordezkari dira eta badira euskaraz egitea nahiago izan dutenak eta baita gaztelaniaz hitz egin dutenak ere. Aldaerak eta ezberdintasuna, ia ezagutu garenetik azaldu zaizkigu, baina aukeratik gehiago izan dute oztopotik baino. Eta jarrera honek noski erraztu egin digu gure ibilbidea.


Eibar izan da elkartu garen lekua, gure herrian gertatu diren kultur eta politika tradizio desberdinak bildu dituen lurra. Fabrikak eta nekazal ingurua, pendizetan egindako auzoak, eta asfaltoz estalitako ibaia… Gure geografiaren sintesi honetan bizi izan dugu ezagutzera eman nahi dugun esperientzia.

 
Nahi genuen baita ere, eguneroko bizitzan behar beste bide nahiz girorik hain erraz aurkitzen ez duten, topa-gune bilaketa eta akordio eta adostasun saiakerak egitea

Hausnarketa leku bat nahi genuen, gure lurrean bizi ditugun gertakariei soseguz begiratu ahal izateko eta gure erreakzioak eta inguruan sumatzen ditugunak arrazoitzen laguntzeko. Nahi genuen baita ere, eguneroko bizitzan behar beste bide nahiz girorik hain erraz aurkitzen ez duten, topa-gune bilaketa eta akordio eta adostasun saiakerak egitea. Ohikoa da gure herrian, oharkabean onartuz joan garen arauen bidetik joatea elkarrizketa politikoak, tentsioak eta deserosotasunak saihesteko ezkutuko arauak, alegia: norekin ari zaren eta noraino komeni den gauzak esatea neurtuz. Komunikazioa, entzutea eta hausnarketa guneen bilaketa zen batez ere bildutakoon behar sentituena.

Zein bide egin dugun? Lehenik azken 200 urtetako gure historiari begirada bat bota genion, gure errealitatearen kontaketa bateratu nahiz ulermen elkarganaturik ez dagoela ikusteko. Gure aurrean, batzuk beste batzuen ondoan eta beste batzuen aurka, jarri gaituzten zauriak azaldu ziren. Historian zehar egindako ibilbide honek argitu zigun harreman arazotsua dugula ezberdintasunaren eskubidea –nortasunari lotua– eta unibertsaltasun eta berdintasunaren artean –hiritartasunari lotuak–.

Harreman horretan sakontzen ahalegindu ginen, hausnarketa etiko eta teoria politikora hurbilduz, eta gure begirada argitasuna eman diezaguketen beste lurralde batzuetara zuzendu genuen. Bide batez, eguneroko politika giroak argi uzten zigun, eztabaidatzen genituen ideiak proposamen desberdinen eta hauek eragiten zituzten kritiken azpian zeudela. Beraz gure hausnarketaren haria, ezberdintasun eskubidea eta hiritar unibertsal izaeraren arteko lotura izan da
.

Baina hori baino gehiago eskatu zitzaigun. Mintegiaren metodologiak esperientzia pertsonalak elkartrukatzeko gonbita ere egiten zigun: bakoitzaren nortasunaren kontaketa. Amin Maalouf-en Nortasun hiltzaileakf[1], liburuko testu batek geuk egin nahi genuenerako eredu iradokitzailea eskaini zigun. Liburu horretan idazleak bere identifikatze lanen eraikuntza dinamikoa aztertzen du. Jaso dugun oinordetzaren bidez –konplexutasuna aurreko belaunaldietatik korapilaturik datorren herri honetan–, gure nortasuna osatzen duten elementuak integratzen joan gara. Oinordetza eta integrazioa, osagai berriak eskuratzea eta erasoen aurkako erantzuna eta aitormen falta, bidean azaltzen joan dira…

 
Baina hori baino gehiago eskatu zitzaigun. Mintegiaren metodologiak esperientzia pertsonalak elkartrukatzeko gonbita ere egiten zigun: bakoitzaren nortasunaren kontaketa

Genealogien baso hau eraikitzea izan da, zalantzarik gabe, gure mintegiko esperientziarik aberats eta harrigarriena. Eta berak arrazoitzen du, hein handi batean, urrats hauek ematera animatzeko dugun uste sendoa.


2. Zailtasun nahiko eta ezusteko bat

Elkartu ginen lehen unetik oso argi genuen hausnarketarako proposatzen zitzaizkigun gaien zailtasuna. Denok genekien ez dugula elkartzen gatuen historiarik, eta errealitateari buruzko interpretazioak ugari eta era askotakoak direla bizi garen inguruan diren sentimenak bezalaxe. Gure inguruan etsipen sentimendu hedatua nabaritzen dugu gainera: zertarako hitz egin desberdin pentsatu eta sentitzen dutenekin? Gauzak guk bezala ulertzen dituztenekin hitz egingo dugu, gure ikuspegiak sendotzeko edo harridura eta desengainua adierazteko. Katarsi hutsa da. Elkarbizitzagatik isiltzen gara, familia mailako nahiz edozein eratako giza harremanak ditugun pertsonekin tentsioak saihesteko.

Ez da gutxi hain sentipen desberdineko pertsonak, askatasun eta irekitasun osoz, hausnarketa egitea. Ez da gutxi egin izana, elkarrizketak sarri askotan, geure arteko desberdintasunak nabarmentzera eraman bai gaitu. Baina zailtasun hauek elkarrekin sentitu ditugu eta elkarrekin iritsi gara hausnarketa eta ideien hizkuntzan kokatzen diren mekanismoak adieraztera. Zuhurtasunez beterik ikusi gara kontrastearen aurrean, defentsa jarreran geuk bat egiten ez genuen eran hitz egiten zuten testuen aurrean. Abertzaletasun ikuspegitik, “gizabanako” eta “estatu” hitzek berehala eskatzen zuten “herri” eta “aberrien” presentzia… Ikuspegi ez abertzale batetik, “erkidego” eta “lurralde” hitzek laster pizten zuten berekoikeria kolektiboaren errezeloa edo norbanakoen askatasunaren aurkako erasoa. Ez da ñabardurek garrantzirik ez dutelako edo gure adierazpenek beste sentipenen ekarri kritikorik behar ez dutelako… Gertatzen ari zitzaiguna zen, zenbait hitzen hotsa entzute hutsak testua eta mezua bera ixten zizkigula. Ideologia mailan zurruntasunera jotzen baitugu.

Baina, eta hau izan da gure ezustekoa, zurruntasun hori ez zela inola ere nabarmendu, taldeko pertsonen nortasun kontaketa entzuterakoan. Eta oso desberdinak gara: gure jatorriak, nortasunak eta aukerak mosaiko bizien eran agertzen ziren izan genituen eztabaida historikoetan.

 
Baina, eta hau izan da gure ezustekoa, zurruntasun hori ez zela inola ere nabarmendu, taldeko pertsonen nortasun kontaketa entzuterakoan

Han zeuden, gure begien aurrean, gure arbasoetan, gure familiek bizi izandako gertakarietan eta geure egiten joan ginen aukeretan. Alabaina, hitzen hotsa entzuteko gure jarrera aldatu zen. Beste pertsonari bera izaten uzten genion, bere ibilbidea eta aukerak kontatzerakoan aukeratzen zituen hitzei arreta jartzen genien, bere bilaketaren esperientzia eta zailtasunaren aberastasuna antzematen genituen... Ideiek urruntzen eta mugatzen gaituzten bitartean –deigarria da elkarri deitzeko erabiltzen genituen mugako hiztegia bera: abertzale/ez abertzale–, gure nortasunen kontaketak gizaki hauskor eta beti bila dabilenaren antzekotasunean esperimentatzeko aukera eman zigun.

Hauxe izan da gure ezustekoa. Herria eraiki: ez al zen horixe egiten ari ginena, elkarrekin uztartu eta garena onartu aitorpen loturak sortuz ?

3. Gure proposamenaren orientabidea

Kontatu dugun ibilbideak, bere zailtasun eta aurkikuntzekin, ikuspegi desberdinetatik landu ditu, gure kultur nortasunen gatazka eta, neurri handi batean, berak baldintzaturik gelditzen diren helburu politikoak. “Gatazka” hitza agertzean, gure abiapuntuko oinarri etikoak argitzea komeni dela uste dugu.

Bi gatazka berezituren artean ezberdindu beharra

Gure herriko egoera sozial eta politikora hurbildu orduko argi gelditzen da ez dugula berdin ulertzen “gatazka” hitza. Xabier Etxeberriari[2] jarraituz, aurki daitezkeen ikuspegiak azalduko ditugu, beroien bidez gure ikuspegiak adierazteko:

a) Giza sektore jakin batentzat, “gatazka” hitza ez da egokia gure errealitatea azaltzeko eta bere erabilera baztertu egiten da. Gure lurrean bizi dugun arazoa zehatz-mehatz honetara laburbilduko litzateke, gizarteko talde batek –ETAren mundua eta bere adar desberdinak– ez du joko demokratiko konstituzionalaren araurik onartzen eta politikotzat hartu ez daitekeen terrorezko bortizkeria eragiten du. Hiritargoaren jokabide koordinatua eta instituzio publikoen lana izango lirateke indarkeria hau, inolako ordainik gabe, menperatzeko tresnak.

b) Norabide honetan aurrera eginez, bada euskal abertzale eta ez abertzale arteko gatazka dagoela onartzen duenik. Baina gatazkaren erantzukizuna euskal abertzaletasunari leporatzen diote, berauek gatazkaz duten iritziak eta beren jokabide politikoek ETAren indarkeria sustatzen baitute. Euskal abertzaletasuna baztertzailea eta indarkeriaren aldeko da berez eta demokrata konstituzionalista guztiek bere aurka egin behar lukete hautestontzietan menperatzeko.

c) Ikuspegi horren bestaldeko muturrean, gure gizarteko talde batek dio, gatazkaren sorrera, Estatu zapaltzailea –Espainia eta Frantzia– eta Euskal Herria aurrez aurre jartzen dituena dela. Zapalkuntza honek, euskal aberriaren eskubide legitimoak hautsiko lituzke eta ondorioz indarkeria adierazpenak defentsa jarreraren ondorio dira. Inguru sozial honetan indarkeriaren ikuspegi desberdinak bizi dira, defentsa jokabide bezala onartzen dutenetatik, etikoki urruntzen direnetaraino baina ETA fenomenoa erantzun gisa ulertuz.

d) Bada beste azken sektore bat bi gatazka desberdinen arteko bereizketa egiten duena: indarkeriaren euskal gatazka eta aberri nortasunaren gatazka. Bi osagarriak gizarteko zenbait sektoreren arteko ulermenean babesten badira ere, ahal den heinean bereiztu beharra azpimarratzen da, bai planteamendu eta diseinu politikoetan eta baita neurri moralean ere. Hemen bil daiteke euskal abertzaletasunaren sektore zabal bat, batetik indarkeria estrategia onartzen ez duena eta bestetik argi eta garbi bere aurka ari dena. Eta badira beren buruari espainiar izaera aitortu arren euskal aberriaren baieztapena legezkotzat dutenak, nahiz eta ez onartu abertzaletasunaren bide eta bilakaera politikoak.

Azken puntu honetan kokatuko gara, gatazken artean berezitu beharrak argi azaltzen uzten baitu ebaluazio moral bikoitz bat:

1. Indarkeria gatazkaren aurrean giza eskubide zati-ezinen defendatzaile guztiok jarri behar dugu, eta gure izaera politikoen gainetik, elkarrekin lan egin sozial, politiko eta kultural aldetik indarkeria zilegi izan ez dadin. Ezin dugu terrorezko indarkeriaren aurrean bere ezmoraltasuna baieztatu gabe utzi, izan ere bizitzaren balio ukiezinaren aurka erasotzeaz gainera, etengabeko bortxa eragiten baitu eta gure gizartearen partaidetza politikoa eta askatasuna mugatzen ditu.

 
Urteak daramatzagu nekaturik ikusten, enkistaturik dugun arazoa hurbilekoekin eta kidekoekin hitz eginez askatzen...

Orobat, biktima errugabeek gu guztioi sendotasuna eta batasuna eskatzen digute indarkeria zilegi ez dela aitortzeko historian: beren aurkako eraso bat gehiago izango litzateke, beren sufrimendua nolabait justifikatuko lukeen ikuspegia. Batu behar gaituen sentipen berberak exijitzen du baita ere Estatuaren indarrezko erantzunak giza eskubideen errespetu zorrotzaren mugan ibili behar duela.

2. Indarkeria ezmoraltasun eremuan gelditzen bada ere, guztiz zilegi da nortasun kultural desberdinen arteko gatazkaren ondorioz sortutako proiektu politikoak publikoki defenditzea. ETAren borrokaren aurka, urte askotan esan izan da hitzez edozein proiektu politiko defenda zitekeela. Azken urteetako taldekeriazko nahasmenak lausotu du, denok onartutako eta inoiz ahaztu behar ez genukeen gunea. Gure egoeran, osasungarri dirudi, azken urteetan nortasun arteko gatazka dugula aitortzea eta ahal dugun era gizatiarrenean bideratu behar dugula. Izan ere, gatazkak gizakiaren egitura sozialeko parte dira baina beroien konponbidean jokatzen dugu dugun onena azaleratu edo geure buruak desegin.

Gure dibertsitatearen aberastasuna: heziketarako eta gizarterako erronka

Gure nortasun gatazkak elkarbizitzan eragiten digun oztopoa gainditu beharra dugu. Urteak daramatzagu nekaturik ikusten, enkistaturik dugun arazoa hurbilekoekin eta kidekoekin hitz eginez askatzen, elkarbizitzak eta politikak eragindako zailtasunak arintze aldera… Zeinen konplexuak garen! Elebitasuna bai saltsa! Zer herri nazkagarri den hau eta zeinen lasai bizi diren beste batzuk! Orain gutxi, EITBko “Vaya semanita” izeneko saio batek, geure buruaz barre egiteko aukera zabaldu du eta gure nortasunaren adierazgarri gisa gure izaera obsesiboa bereganatu du. Asko dira Santxez-tarren gorabeherak ikusiz askapen sentipenak izan dituztela aitortu dutenak. Ezkutuko gizarte sentimendu batek gainazalera irten nahi balu bezala.

Adierazi nahi dugun esperientzia hau aukeren testuinguruan kokatzen da. Heziketa sentipena duenak, aukera hitza, egunero geletan bizi duen errealitatera begira sumatzen du. Azken urte hauetan geure artean izan ditugun bi hausnarketa botako ditugu hemen:

1. Gure nortasun gatazkak moral garapenerako eta gure elkarbizitzaren eraketa kohesionaturako dituen ahalbide guztiekin jasotzen al du hezkuntza sistemak? Ala seguritaterik ezak eta tentsioaren beldurrak zuhurtasun eta ekimen ezaren eremuan mantentzen gaitu? Ez al da harrigarria, kultur dibertsitateaz, inmigrazioak berekin dakarren kultura aniztasunaz, ase arte hitz egitea eta gure sentimendu sakonenak eta gure historia familiarrak eratzen dituen gure dibertsitatea ahaztea? Ez al dugu erretorika gehitxo erabiltzen gure kultur aberastasunaz baina bien bitartean pertsona askok, oraindik aitortu gabe bada ere, gure dibertsitatea era ez-erosoan eta oztopo bezala bizi dutenean? Ez al dugu gure ikasgeletan eta gurasoekin izandako elkarrizketetan nabaritu?

 
Gure nortasun gatazkak moral garapenerako eta gure elkarbizitzaren eraketa kohesionaturako dituen ahalbide guztiekin jasotzen al du hezkuntza sistemak?

Gure mintegian esperimentatu ahal izan dugunez, desberdinarekiko harremanak, gure historia pertsonala onartzeko, historia hori geure egiteko, geure paralisia semantiko eta ideologikoak adierazteko eta, aitormenetik garenaren beste irudi bat, eraikitzeko bidea eskaintzen du. Benetan garena aitortu: gure zauriak sendatzeari ilusioz heldu nahi badiogu hezkuntza proiektuen diseinuan erronka latza dugu. Hasi gara geure obsesioen drama arintzen eta beraietaz barre egiten. Une egokia izan daiteke, izan ere , Imanol Zuberoren hitzetan, “zenbaiten, afiliazio guztiak bakar batean pilatzeko jokabide talibantzailearen aurrean, euskal herritar gehienok, urteetan, gure kidetasunen dibertsitatea dastatzen ari gara. Eta ez genioke horietako bakar bati ere uko egin behar. Ez badugu, inozokeriaz, gero eta gehiago ez garena izan nahi”[3].

2. Eta bigarren hausnarketa, guri gutxienean animuak eman dizkigula. Ez dugu gure nortasunaren gatazka zertan harturik, munduan dauden benetako tragediak dauden bitartean, bere zilborrari begira dagoenaren kontzientzia txarrez edo lau pagori itsatsirik bizi denaren errudun sentsazioarekin. Arazo globalak nortasun aitormenari eta berauen zauriei oso lotuak agertzen zaizkigu. Gure itxurazko ahultasuna zatitzen ari den eta egitura berri bat bilatzen duen munduarentzako ekarpen bilaka daiteke. Gure nortasun gatazkaren irtenbide gizatiar eta aberatsak beste askorentzat lagungarri gerta daitekeen esperientzia arrakastatsua ekar dezake. Munduari zor diogun erantzukizuna dugu. Europak behin eta berriz errepikatzen dio.

Gure nortasunen kontaketa: onarpena, aitormena eta irudikapena

Gure nortasun kontaketaren lanak hiru une izan ditu: onarpena, aitormena eta irudikapena. Esperientzia partikular bat azaltzen duen baten zuhurtziarekin baina bide bertsutik abiatzen direnei lagundu diezaiekeen ustez kontatzen dugu.

a) Onarpena

Amin Maalouf-ek dio, inoiz, argienak diren hitzak direla iruzur gehien eragiten dutenak. “Nortasuna” izan liteke horietako bat. “Denok uste dugu badakigula zer esan nahi duen eta berorretaz fidatzen jarraitzen dugu baita maltzurki kontrako esanahia duela jakin arren ere"[4]. Nortasun hiltzaileak liburuaren abiapuntuan –irakurtzea gomendatzen duguna lan koaderno honetako zenbait orientabiderekin batera– Maalouf-ek , irudi ezagun bat dakarkigu “nortasun” agiria. Bertan datoz gure izena, deiturak, jaioteguna eta herria, argazkia, sinadura eta batzutan hatz marka. Xehetasun sail handia, inolako akats-biderik gabe, agiriaren jabea halako dela frogatzeko eta ez dagoela munduko milaka milioiren artean beste inorekin tronpatzeko arriskurik. Nire nortasunak esaten du ni ez naizela beste inoren berdina.

Nortasuna hamaika kidetzaren ondorioz eratzen da: aberria edo talde etnikoa eta linguistikoa, erlijioaren tradizioa, joera politikoa, familia, lanbidea, inguru soziala… Zerrenda amaiezina da eta auzoko futbol taldea edo zaletasun edo arazo bertsuekin elkartutako taldea ere har dezake barruan. Berezitasun guzti hauek jende askoren berezitasun izan arren, inoiz ez da elkarketa bera bi pertsonatan ematen eta horixe da hain zuzen bakoitzak duen aberastasuna.

Baina gertakari garrantzitsu bat azpimarratu behar da: kidetasun guzti hauen artean batzuek lehenengo jartzeko joera dago eta gizartean hainbeste nabarmentzean, gure “nortasun” bezala har ditzakegu… Izan daiteke erlijio sinesmena, klase soziala, aberria… Gizadiaren historiaren panoramika ikuspegiak baieztatzen digu jokabide hori. Badirudi gainera zenbait nortasun ezaugarri batzeko mehatxua gero eta areago dela. Merezi du Maalouf-ek hausnarketa honetarako erabiltzen duen adibidea jasotzea: 

Koka gaitezen Sarajevo hirian; arreta jarri diezaiogun 50 urte pasatxoko gizon bati; egin dezagun buruz idazleak proposatzen digun galdeketa:

“1980 urte inguruan gizon honek harro eta ezer ezkutatu gabe esango zukeen: “Ni jugoslaviarra naiz!”; handik gutxira Bosnia-Herzegovinako Errepublika Federalean bizi zela eta musulman tradizioko familia batetik zetorrela zehaztuko zukeen”.

“Handik hamabi urtera ikusi izan bagenu, gerra bete-betean zela, bat-batean eta kementsu erantzungo zukeen: “Musulmana naiz!” Agian arauzko bizarra hazten utzia honez gero. Laster erantsiko zukeen bosniarra zela, eta ez zigukeen aurpegi onegirik jarriko, aspaldi ez zela, berak jugoslaviarra zela harro aitortu zigula gogoratu izan bagenio”.

“Gaur egun kalean galdetuta, bosniarra dela esango liguke eta gero musulmana; une horretan bertan meskitara bidean zihoala eta bere herria Europan dagoela gaineratu nahiko liguke… Nolako nortasuna adieraziko ote liguke hemendik hogei urtera leku berean galdetuko bagenio? Europarra, musulmana, bosniarra…izango ote da? Beste zerbait? Balkaniarra agian?"

“Ez naiz pronostiko bat egitera ausartzen. Osagarri guzti hauek noski bere nortasunaren ezaugarri dira. Familia musulman batean jaio zen; bere hizkuntza hego eslaviarra da eta aspaldi ez dela Estatu batean elkartu ziren eta gaur egun berriro sakabanatu dira; bizi den lurra garai batean otomandarra izan zen eta beste batean austriarra eta Europako historiako tragedia handien erdian gertatu zen. Garaien arabera bere kidetasun bat ala bestea, nolabait, “puztu” egin zen, beste guztiak ezkutatuz eta bere nortasun osoaren jabe eginez. Bere bizitzan zehar era guztietako asmakeriak kontatu izango dizkiote. Proletarioa zela eta besterik ez. Jugoslaviarra zela eta besterik ez. Eta orain gutxi, musulmana zela eta besterik ez; gerta liteke gainera zenbait hilabete zailetan sinistarazi izana, kidetasun gehiago zuela Kabuleko biztanleekin Triestekoekin baino"[5].

Saiakera honen orrialdeek sustatu eta erakutsi digute gure nortasunen kontaketarako eredua. Eta onarpen ariketa izan da. Erabakigarrienak ziruditen kidetasunak beste ñabardura batzuei leku egiten joan dira: oinordetzak , hauteskundeak , lorpenak… Gutako askok aitortu dugu, zenbait unetan, mehatxuak eta ez-ulertzeak zenbait alderdi nabarmendu izan dituela eta beste zenbait ezkutatu. Gure historiaren konplexutasuna eta dinamismoa geure eginez elkarrekin egin dugun bilaketa izan da. 

 
kidetasun guzti hauen artean batzuek lehenengo jartzeko joera dago eta gizartean hainbeste nabarmentzean, gure “nortasun” bezala har ditzakegu...

Agian, Bernardo Atxagaren Dabid pertsonaiak Soinujolearen Semean egiten duen bilaketa bera da, familiako etxean dagoen gordelekuari begiratzerakoan, karlistadetan eraikitako gordeleku zaharrak gorde zuen Dabid, frankisten omenaldian parte hartu nahi izan ez zuenean eta ETAko lehen komandoen bahiketa- zulo izan zen azkenean. Toki bera, eremu bera, bere ametsik onenak eta buruhauste gogorrenak biltzen dituena.

Onarpen ariketa horretatik abiatu beharra daukagula dirudi .

b) Aitormena

Arestian hitz egin dugu elkarrizketa ideologikoan daukagun zurruntasuna, taldeko kideen nortasun kontaketak entzuterakoan nola jausten zen ikusteak eragin zigun ezustekoa. Ez ginen eztabaidatzen ari; ez zen erraza norbere errekurtso dialektikoen bila hasi eta onartzeko prest ez geunden tesiari, behar zen gizalegearekin erantzutea.

Aurrean geneukana bere esperientziak ari zen adierazten, sarritan familiari eta lotura afektibo sakonekin loturikoak; hitzak zirenak ziren eta historiek beren bidetik garamatzaten. Gure oroitzapenak hain desberdinak izan arren hitzik gabe gelditzen ginen.

Eta isiltasuna bera bazen aitormen bat. Hasera batean, gutxienez, espresioen adieren aurrean gure sentikortasunaren automatismoa gelditu egiten zen. Une magikoren batean –hezitzaileok badakigu daudena– hitz jakin batzuen soinuak oihartzun desberdina sortu zuen.

Norbaitek esan ere egin zuen, “Espainia” hitza lehen aldiz entzuten zuela bere zauriak berriro irekitzen sentitu gabe. Hitz egin berria zenak taldeari haurtzaroan bere aitonarekin izandako elkarrizketak kontatu zizkion: Espainiaren ilusio eta porrotez margoturiko historia tragiko bat jaso zuen berak, nerabezaroan bere egin zuen oinordetza, 98ko autoreekin, poesia sozial dosi ederrekin eta Pako Ibañezen musikarekin…Frankismoa baino lehenagoko Espainia zen eskatzen zuena. Lehenengo hitz egin zuenak eta ondoren etorri zenak aitormen esperientzia izan zuten.

 
Une magikoren batean
–hezitzaileok badakigu daudena– hitz jakin batzuen soinuak oihartzun desberdina sortu zuen

Beste une batean, normalki gaztelaniaz hitz egiten zuen batek euskaraz hitz egitearen premia sentitu zuen, bere parte hartze ahalmena mugatu arren. Bere haurtzaroko paisaia osoa izan zen hizkuntzan hitz egiteagatik arbuiatua izan zen pertsona baten kontakizuna entzun zuen. Hitz haien ondoren euskaraz hitz egitea izan zen bere zaurietara hurbiltzeko era bakarra.

c) Irudikapena

Isiltasuna eta, agian, hurbiltze keinua entzundako azken hitzen aurrean. Sentimenduen politika, aitormen politika… Hor gelditu gara. Hala ere zenbait galderak jarraitu egiten digute: ez ote ditugu hitz berriak sortu beharko, esperimentatu dugun dibertsitatea eta onarpena hobeto irudikatzeko? Manten ote ditzakegu, lotsa apur bat sentitu gabe, lehengo hitz eta buru paralisia berberak, gure errealitatea eta gure historia kontatzerakoan?

Galdera hauek ixten dute gure koadernoaren aurkezpena. Badakigu jakin, garenaren irudikapen berriak, herri honetan zatiturik bizi diren zati guztien irudikapenetik jaio beharko duela.

Jon Sarasua bertsolariak, gure dibertsitateari etika “ekologiko” batetik –izan dena eta dagoena zaintzeko etikatik– heltzeko proposamenean, bidea proposatzen digu eta gaia bota:

"...etika honetatik, euskararen alde egotea, gazteleraren alde egotea da, euskara maitatzea gaztelera maitatzea da. Hizkuntzak ez dira, elkarren kontra dauden elementuak"[6]

Hitz berriak aurkitu beharko ditugu.

Centro Social Ignacio Ellacuría


[1] Amin Maalouf, Identidades asesinas, Alianza Editorial, Madrid 1999.
[2] Xabier Etxeberria, Conflicto en el País Vasco y comunidad eclesial, argitara gabeko ponentzia.
[3] Imanol Zubero, De la pluralidad al pluralismo, Bake Hitzak 51. zb.
[4] Amin Maalouf, op.cit. 19-20 or.
[5] Ibid, 23 or.
[6] Jon Sarasua, Kulturaren zurrunbiloan, Euskalgintza sindikalgintzan txertatu-n, Manu Robles –Arangiz Institutua, Dokumentuak 3. zb., 2003ko apirila.

Inicio Búsqueda Subscripción © Centro Social Ignacio Ellacuría 2012