Soinujolearen semea: Atxaga
|
Bernardo Atxaga |
![]() |
"Hiritartasuna eta nortasuna" mintegiko partaide baten irakurketa
“Hiritartasuna eta nortasuna” mintegiari ordu batzuk eskaini dizkiogu azken hiru urteetan. Bertan gure herrialdeetako pertsona anitzak bildu gara: gizon zein emakume izanik, ideia politikoetan, jatorriz, lanetan, hizkuntzan, anitzak.
Amankomunean, hiritartasuna. Hau da, pertsona izatea dela goi mailako helburua - berdintasuna, duintasuna, askatasuna- gizatasunean sakontzea, bultzatzen gaituen betebeharra. Eta horretarako ezinbestekoa zaigula gizakiaren nortasuna, baita nortasun kulturala, errespetatzea, baloratzea.
Baina plano politikotik jaitsi eta maila pertsonalari ere tokia egin diogu tokia. Argi genuen, hiritartasuna eta nortasuna pertsonek bizi ditugula gure egunerokotasunean, gure ekintzetan, gure ideietan, gure izanaren bidean. Horregatik mintegia garatzerakoan nortasun kontaketak egiten joan gara. Bakoitzak bere nortasun kulturala nondik nora joan den aurkeztuz. Aniztasuna berriro ere presente. Presente ere denontzako nahi ditugun askatasuna eta berdintasuna.
Kontaketa hauek elkarbanatzea argi laga digu, alde batetik, ideologien munduan mugiezina dena –bakoitzak berea defendatzen saiatzen da-, bizitzaren mailan mugimendu gehiago sor arazten dituela – aitortzen dugu ez garela beti toki berdinean egon eta batez ere, bestea ulergarriagoa egiten zaigula bere bizipenetatik-.
Arrazoi hauek kontuan izanik, animatu gara Atxagaren“Soinujolearen semea” eleberriari buruz zerbait esaten.
Irakurle bezala, “Soinujolearen semea”, oso gustukoa izan dut. Benetan disfrutatzeko aukera eman dit bere irakurketak eta ezagutzera eman dut liburua nire lagunen artean. Baina gozamen honek beste toki batzuetara ere eraman nau.
Lehenengo, Atxagarengana. Idazterakoan zer adierazi nahi zuen jakiteak irrika handia sortu ninduen. Eta idazleari eginiko zenbait elkarrizketa aurkitu ditut hilabete hauetan. Beste batzutan egin duen moduan, oraingoan ere Bernardo Atxagak, bere liburuan hainbat alderdi nahastuz, eraiki du obra. Ildo ezberdinak jorratzen aritu da eta irakurleok, lehenengo irakurketa kuriosoan behintzat, ez ditugu denak igartzen, eskuratzen behintzat, eta, batez ere, batzuk jarraitu eta beste batzuk alboratu egiten ditugu. Irakurketa anitza proposatzen du idazleak, bai gaiak izendatzerakoan -idazleak dionaren arabera maitasuna, kontsolamendua, mestizaia, hizkuntza, mundu zaharra eta mundu berria, lantzen ditu eleberri honetan–, baita liburuaren estruktura errespetatzerakoan –hasieratik amaierararte irakurtzeaz gain, 25 kontaketa txiki izango balira bezala ere irakur omen du norbaitek-.
Guzti hau, behar bada, jakin badakielako, irakurleok ere anitzak garela, edo hobeto esanda, jakinik, ezagutuz, errealitatea ikuspuntu askotik bakarrik ikus ahal dugula bere osotasunean. Ez daudela errealitatera hurbiltzeko era bakarrak. Errealitateak ate asko zabaltzen dizkigula.
Bigarrenez euskaltasunera eraman nau, protagonisten euskaltasunera, nire euskaltasunera, gure euskaltasunera. Beharbada, gure “Nortasuna eta hiritartasuna”-ri buruzko mintegiko ildoarekin bat egiten duelako; beharbada, banuelako gogoa Atxagak euskaldun nortasunarekin zer egiten duen jakiteko; beharbada gure herrian bizi dugun egoera soziopolitikotik irakurri nituelako “Soinujolearen Semea”-ren orriak... edozein kasutan nortasunaren ildoa izan zen niretzat erakargarrienetako bat. Eta bilatzen aritu naiz protagonisten bidez honi buruz zer esaten duen. Eta egia esan behar badut, esan gauza asko ez ditu esaten, baina bai sujeritzen ditu batzuk.
Nolabait, David Imaz-en inguruan –eleberriaren protagonista– aurkitu ditut nortasunaren burutapenak, bilaketak, aurkikuntzak. Ez dut uste idazleak konklusio finko batera heldu nahi duenik, ez dut uste heldu behar denik ere ez. Baina bai azaltzen du, era erakargarrian, herri honetan, hainbat pertsonek bizi duguna gure nortasun prozesuan. Nigandik oso hurbil igarri ditut bertan eginiko joan-etorriak: sustraiak, haustura beharrak, barneratzeko elementu berrien bilakaera, proposamen batzuen desegokitasuna...
“Identidades asesinas”-en Amin Maalouf-ek esaten duen moduan, denok, David Imaz-ek ere, nortasunak, alde batetik, gure izana gauzatu egiten du jasotzen dugunaren arabera. Eta jaso, iturri askotatik jasotzen dugu. Gure nortasuna eraikitzen hasten garenean aukerak egiten hasiak gara: herentziatik zer hartu eta zer laga, hurbil edo urrun dagoenetik zer barneratu eta zer utzi, inposatu egiten didatenari izana eta izena ipini, askatasunez onartzeko edo baztertzeko.
David-en prozesua, nortasunarena izan ezik bere izana osoarena ere, egonezinean gauzatzen da. Badirudi azkenean bakarrik, liburua Obabaruntz bideratzen denean, David-ek nolabaiteko lasaitasuna hartuko duela.
Egonezin honek, nortasunarekin zerikusia duela, uste dut, mundu zaharra eta mundu berriaren artean sortzen den tirabiran. David-ek sumatzen du hizkeraren aldaketa, erabiltzen zituzten hitz batzuk, espuru, gezeta, domentxa, inguma, txoleta, mitxirrika, galtzear daudela.
Baina batez ere egonezin handiena “nekazari zoriontsuen” artean eta bere izana izan beharko lekiokeenaren artean sortzen da. Amarengandik eta aitarengandik jasotako herentzien artean sortzen den eztabaida behar bada. Egonezin honek kutsu patologikoaz inguraturik agertzen da hasieran: mutil koxkorrak psikologoari bisita egin behar dio nekazariekiko duen zaletasunak misantropian murgildu baitu. Kostata apurtuko du mundu horrekin, mundu horrekin topo egiteko aukera guztiak erabiliko ditu. Obabako Iruaingo auzunean bizi dira berak miresten dituen nekazari zoriontsuak. Iruaingo baserria, amaren jaiotetxea hain zuzen, izango da bere nortasunaren iturri eta bere nortasuna eraikitzeko aukeratzen duen erreferentzia. Behintzat, bertan aurkitzen ditu bere sustraiak eta bertokoengandik onartua izatea bilatzen du, bere nortasuna eraikitzen hasten denean. Amagandik jasotako herentzian gustura sentitzen du bere burua. Herentzia honi fideltasunez erantzun nahian beharbada, hurbilduko da Euskadi askatzearen aldeko mugimendura. ( Puntu honetan ez du Atxagak okasioa bertan bera usten eta Toshibaren bitartez biolentziari buruzko hausnarketa etikoa luzatzen du).Baina ez da guztiz gustura aurkituko eta hemendik ere alde egingo du. Bere nortasunak badu beste erreferentzien beharra, hain estu ez datozkion beste erreferentziak, itoko ez diotenak, alegia.
Aitaren herentzia, aldiz, oso deseroso senti arazten dio, horrekin apurtu nahian ibiliko da David. Aukeraketa prozesu honetan, badu salbatu beharko duen eragozpena: Noren semea naiz? Nor da nire aita? Hiltzaile baten semea ote naiz? Galdera hauei erantzuna emanez joango da eraikuntza prozesu hau gauzatzen. Sufrimendu handia sor araziko dion asuntoa izango da hau. Bere seme, ikasle, maitale, hiritar, beharbada euskaldun izate, nahasiko duen asuntoa, hain zuzen. Bere burua biolentziarekin izan duen harremana onartzen duenean bakarrik aldatuko du bere aitarekiko jarrera.
Eta prozesu honek badu kokapen fisiko ezberdinak ere, toki ezberdinetan garatzen da. Baina guztietatik nabarmentzen dena, esanguratsuena delako, bertara liburu osoan zehar bueltatuko delako, bai Atxaga bai David bera ere, gordelekua da. Osaba Juan-ek, amaren anaia, erakutsi zion gordelekua Iruain-go etxearen horman. Gordelekua etxearen barnean zegoen. Amerikanoa salbatzeko balio izan zuena, David-ek bere burua ezkutuan jartzeko erabili zuena, “entomologoek” erabili zutena, bahituak gordetzeko Euskadi askatzeko mugimenduak erabiliko zuena...
Iruain-go gordelekua, David-en osaba Juan-ek esandakoaren arabera, pertsegituak salbatzeko erabili zuten bi mendez geroztik, karlistaden garaitik. Gordelekuak bere nortasun propioa zuen. David harreman estua gordetzen zuen Iruain-go etxearen barnean zegoen gordelekuarekin. Bere giza barnearekin gordetzen zuen harreman bezain estua, beharbada. Mundu zaharrarekin zubia egiten zuen gordelekuak David-engan. Juan-enganako lotura, Angel-enganako haustura. Askatasunarekiko lotura, errepresioarekiko haustura. Gordelekua bere nortasuna galtzen doa, bere helburutik urruntzen doan neurrian, askatasunerako erabili beharrean errepresiorako erabilia denean. Eta une horretan David-ek sekretuan izan duena argitaratu egiten du.
Bere nortasun prozesuarekin zerikusia du. Bere izanaren bidean zehar bereganatu duena alboratu nahi du. Atxaga-ren ustetan, David-en ahotik esaten du Joseba-ri buruz, gizakiongan nortasuna azaleratuz doa. Barrutik azalera, ezkututik argitara, gordelekutik kalera, Obaba-tik Stoneham-era.
Stoneham-en dagoela badirudi David bere burua abandonatzailetzat hartzen duela. Norberak bere nortasunarekiko harreman adiskidetsu bat mantentzeko onartu egin behar du bere izana historikoki, hau da, esentzialismoan jausi gabe. Ez dira paisaiak aldatzen, pertsonak aldatzen dira. Eta horregatik, suposatzen dut, memoriala euskaraz idaztea eta Obaba-ra eramatea direla David-en azken desioak.
Joan etorri luze honetan, ezinbestekoa da, David-ek fideltasunaren eta traizioaren artean mantentzen duen tentsioa. Bere burua fidel mantentzea nahi du maitasuna dela medio. Eta horregatik proiektuek maitasunetik at uzten dutenean, haustura eskuratzea baino ez zaio geratzen. Batzuk traiziotzat hartuko dute, orain arte izandakoarekiko traizioa hain zuzen. Eta osaba Juan-ek esan zion eran, gordelekuan itxita geratuz gero, lagun onak eduki behar kanpoan irteterik nahi izan ezkero. Eta adiskidetasunak, maitasunak aterako dute David gordelekutik.
Nire euskaltasunera bueltatuz, gure herriko euskaltasun anitzak ezagutuaz, David-en ibilbidea esanguratsua iruditzen zait. Ez gauzak konponduko dizkigulako, baina bai ispilu baten gisara bertan begiratu ahal garelako eta bakoitzak, pertsonalki eta kolektiboki, zein gordeleku, zertarako erabiltzen ditugun eta nola nahi dugun irtetea bertatik, argitu ahal digulako. Jorratzen gabiltzan bidean beste pauso bat izan zitekeelako.
Nire euskaltasunera bueltatuz, gure herriko euskaltasun anitzak ezagutuaz, David-en ibilbidea esanguratsua iruditzen zait. Ez gauzak konponduko dizkigulako, baina bai ispilu baten gisara bertan begiratu ahal garelako eta bakoitzak, pertsonalki eta kolektiboki, zein gordeleku, zertarako erabiltzen ditugun eta nola nahi dugun irtetea bertatik, argitu ahal digulako. Jorratzen gabiltzan bidean beste pauso bat izan zitekeelako.

