Aipuekin lanean
| Hezkuntzarako baliabideak: tutoretzak eta ertainetako ikasgaiak, pastoraltza jarduerak... | |
Hausnartzeko artikulua edo aukeratu diren elementuak ulertzen lagunduko dizueten testu esanguratsu batzuk dituzue hemen. Lan proposamen hau artikulua irakurri barik edo irakurri aurretik ere aprobetxatu daiteke. Egokien deritzozuen prozedura diseina dezakezue.
1. Publizitateko testuak aztertzeko
Hausnarketarako artikuluak azpimarratzen du kontsumismoa gure bizitzen arlo garrantzitsuetan sartzen dela: nortasunaren eraikuntzan, arrakasta hautemateko eran eta bizi kalitatean. Ideia horretan sakontzea proposatzen dizuegu iragarki jakin batzuk aztertuz. Iradokizun gisa, errepara iezaiozue prentsan argitaratutako publizitate kanpaina honi. Deigarria iruditu zaigu belaunaldi oso baten nortasunaren osagai adierazgarri batzuekin zelan jokatzen duen ikustea.
|
Adibide honek balio diezazueke marketin kanpaina batek gure nortasunarenosagaiak nola erabiltzen dituen aztertzeko. Hasieran, gidatutako analisi baten bidez egin daiteke. Ondoren gazteek ezagutzen dituzten iragarkiak komenta ditzakete, edo taldean materiala bilatu. Interesgarria izango litzateke iragarkietan bizi kalitate kontzeptuaren arrastoak bilatzea, eta zelan erabiltzen diren arrakasta eta porrot irudiak aztertzea.
2. Hausnarketarako artikulua ulertzeko
Ondoren aipu batzuk proposatzen dizkizuegu. Batzuk artikuluan ageri dira eta beste batzuk artikuluan azaltzen eta lantzen diren ideiak dira. Taldeetan ideiarik adierazgarrienak zein diren ulertzeko eta laburtzeko baliagarri suerta dakizkizueke. Ariketa bi egin daitezke:
• Artikuluaren laburpena egiteko eta ideia nagusiak ateratzeko, hiru aipu aukeratzeko eskatuko diegu eta azaltzeko zelan lotzen diren bata bestearekin era logikoan. Aukeratu ditugun esaldiek argudioaren barne logika aurkitzeko hainbat aukera ematen dute.
• Beste era ez hain bideratua hauxe litzateke: deigarrien suertatu zaien testua aukeratzeko esango diegu eta komentario pertsonal bat egin dezatela, talde txikietan ahoz zein idatzizko ariketa baten bidez.
|
1. Britainia Handiak planetako baliabideen erdiaz jabetu behar izan zuen egun duen oparotasuna lortzeko. Zenbat planeta beharko lituzke India bezalako herri batek? (Ghandi) |
|
2. Kapitalismoak (...) alde batetik, konbentzitu egin nahi gaitu adituen iritziaz baliatuz, publizitatearen bidez, besteek zer esango ote duten eta besteen onarpena argudiatuz. Baina gure desioetan, gure bulkadarik sakonenetan, gure beldur eta antsietan, eta gure etengabeko zoriontasunaren bilaketa horretan ere kokatu eta infiltratu nahi du. (Antonio Elizalde) |
|
3. Gure gizarteko proposamenek inbaditu egiten gaituzte, gure barruan barrena ibili, gure zaurien zuloan gotortu eta, ezkutaleku horretatik, gure bizitzaren hariak mugitzen hasten dira (Benjamín González Buelta) |
|
4. Sistema kapitalistaren ametsa da estutzen gaituen indar gisa desagertzea eta gure existentziarekin bat egitea, guregan berezkoa denetik bereizi ezina balitz legez. (Vicente Verdú) |
|
5. Ezer ez da aldatzen, bizitza zuzentzen duten jainkoak aldatzen ez badira. (Rafael Sánchez Ferlosio) |
|
6. Gauza material gehiegi edukitzeak gauza inmaterialetarako denbora kentzen digu. Aukera gehiegiak errazki murritz dezake erabat gogobeterik egotea. Horrela bada, denbora urritasunak gauzen ugaritasunaren baliagarritasuna degradatu egiten du. Gehiegi edukitzea eta ondo bizitzea elkarren kontrakoak dira. Soiltasunean dago, bada, ongizatearen giltza. (Wolfgang Sachs) |
|
7. Debalde garesti da beharrezkoa ez bada. (Esaera zaharra) |
|
8. Lur gainean zama arinaz ibiltzeak ez dakar ezinbestean bizitza betearen atsegin eta gozamenei uko egitea. (Jorge Riechmann) |
|
9. Ezkerrak indartsuen koalizio bat sortu behar du ahulen mesedetan eta euren interesen kaltetan. (Peter Glotz) |
|
10. Txirotasunaren zibilizazioak ez du onartzen kapitalaren metaketa izatea historiaren motorea eta gauzen jabetza izatea gizatasunaren oinarria. Horren ordez, oinarrizko beharrizanen asetze unibertsala hartzen du garapenaren ardaztzat, eta elkartasun konpartituaren areagotzea gizatasunaren oinarritzat. (Ignacio Ellacuría) |
|
11. Txirotasunaren zibilizazioak espirituari leku egiten dio benetan; horrela espiritua ez du besteak baino gehiago edukitzeagatiko antsiak itoko, era guztietako azalkeriak edukitzeko grinak estutuko, gizateriaren zatirik nagusienari behin-behinekoa falta zaion bitartean. Orduan loratuko da espiritua, txiroen eta Hirugarren Munduko herrien giza eta espiritu aberastasun oparoa, gaur egun miseriak eta arlo batzuetan garatuago dauden eredu kulturalek ¾baina ez horregatik gizatasun beteagokoek¾ itotzen dutena. (Ignacio Ellacuría) |
3. Benetakotasunari eta giza zoriontasunari buruzko hausnarketa egiteko
Hirugarren aukera bat gizakiaren benetakotasunari buruzko azken hausnarketa bat egitea da. Hainbat erlijio tradiziotako testuak eskaintzen ditugu. Zelako osotasun eta zoriontasun kontzeptua erakusten digute? Zertan datoz bat? Zer pentsarazten dizu honek guztiak? Halako galderek lagun dezakete azken hausnarketa egiteko edo idatzizko lan baterako.
|
1. Begira aireko hegaztiei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez ote duzue horiek baino askoz gehiago balio zuek? (Mt 6, 26) |
|
2. Bizi gaitezen sinpleki, beste batzuk, sinpleki ,bizi daitezen. (Ghandi) |
|
3. Pozaren urrezko dohaina dutenek dena daukate. (Tradizio hindua) |
|
4. Zaila da aberastasunez zamatutako gizonak zoriontasunera daraman bidezidor malkartsuan gora egitea. (Tradizio islamiarra) |
|
5. Nahikoa daukala dakiena aberatsa da. (Tradizio taoista) |
|
6. Gehiegia eta gutxiegia biak dira akastun. (konfutzionismoa) |
|
7. Aberastasun gehiagoren irrikaren irrikaz, gizon ergelak bere burua suntsitzen du arerioa balu bezala. (Tradizio budista) |
